Hiru orientazio zirkuito egin dituzte Ulian
Kirola eta natura uztartzen dituzten hiru ibilbide prestatu dituzte Ulian. Ulia Interpretazio Zentroak eta Gipuzkoako Orientazio Taldeak elkarlanean egin dute proiektua, orientazio kirola sustatzeko eta Uliako ingurumen eta natur aberastasuna ezagutzera emateko. Oihana Orkolaga Ulia Interpretazio Zentroko arduradunak azaldu du aukera ona iruditu zaiela jendea naturara beste modu batera erakartzeko: “Orientazioa berez kirol bat da, badu bere liga, bere txapelketak… Uliara beste mota bateko jendea erakartzeko eta naturara beste modu batera gerturatzeko aukera ona dela uste dugu”. Orientazio zirkuituetan parte hartzaileek mendian sakabanatuta dauden balizak aurkitu behar dituzte. Mapa bat eta euren orientatzeko gaitasuna dira euren tresnak. Uliako zirkuitoetarako, ahalik eta jende gehiagorengana iristeko, Uliako leku zehatz eta esanguratsuak aukeratu dituzte, eta parte hartzaileek horiek aurkitu behar dituzte. Hiru zirkuito daude aukeran: lehena, hasiberrientzako eta familientzako, bigarrena, orientazioa ezagutzen dutenentzako, eta hirugarrena, adituentzako. Parte hartzeko interesa dutenek interpretazio zentrora joan behar dute mapak doan eskuratzeko.