"Askotan pentsatzen dut zer egingo nukeen Kutxako langilea banintz eta arratsaldeko hiruretan aterako banintz lanetik, oraingo afizioak mantenduz, noski"
Kazetaria eta zinema kritikaria da ofizioz Begoña del Teso. Egunero pertsona bat elkarrizketatzen du, eskriman aritzen da eta, besteak beste, motoak, zezenak eta boxeoa ditu afizio.
Zergatik hautatu duzu taberna hau?
Donostiako ostalaritza berriari espantuz eta errezeloz begiratzen diodalako. Artetxe Jeneralaren kaleko Roberto eta Ricardo betiko tabernak dira. Robertoko bermutak ospe handia du aspaldi-aspalditik, eta Ricardo gaurkotu da, baina bere sena gordez. Realzalea da eta bertako marianitoak ere badu ukitu berezia.
Asko aldatu da hiria?
Donostia beti izan da hiri turistikoa, baina egia esateko, pertsonalki, bost: nik alde egiten dut, ihes egiten dut Parte Zaharra den turistadromo edo parke tematikotik. Beraiek Parte Zaharrean baldin badaude, ni Grosen, Altzan, Herreran edo Trintxerpen egongo naiz. Gorrotatzen dut Zabaleta kalean gertatzen dena, eta gorrotatzen dut pintxo-potea. Ez daukat ezer kontra, baina uste dut pintxo potea botiloi txiki bat dela.
Topatzen dituzu, beraz, Donostian gustura egoteko lekuak eta orduak.
Ez da jakinduria berezirik behar. Ricardon, adibidez, jakina kanpoko jendea egongo dela, baina nabaritzen duzu auzoko jendea ere badagoela. Ematen du ez dagoela kanpotarren zerbitzura, zerbitzu esklabo batera. Intuizio puntu bat dago: honek itxura ona du, usain ona, barran ez dizute platerik ateratzen… Denok izan gara eta denok gara turista, eta badakigu nola aukeratu leku majo bat, nola ihes egin leku turistikoetatik.
Azken aldian asko ari dira grabatzen hirian.
Woodyri buruz ari baldin bagara, uste dut orain dela hamar urte erretiratu behar zuela zuzendari moduan. Uste dut Match Point egin zuenetik ez duela pelikula onik egin. Zinema maite du, kamerak maite ditu eta oso zaila da onartzea zure denbora pasa dela. Gainera, uste dut askotan paleto hutsak garela famatuekin. Bestalde, sexu auzi horretan ni Woody Allenen alde nago. Beti izan naiz Mia Farrowren aurkakoa. Uste dut hamaika ume adoptatzen baldin badituzu ez zaudela burutik sano. Uste dut mendekua nahi duela. Gainera, jenioak jenioak dira eta ez dute jokatzen jende arruntak jokatzen dugun bezala. Ez dira zintzoak, jakina ezetz. Picasso ez zen zintzoa, Dali ez zen zintzoa, Rommel jenerala ez zen zintzoa.
Boxeoko kamiseta bat jantzita etorri zara.
Izugarri gustatzen zait. Niri gehien gustatzen zaizkidan gauzak, eta barkatu, zezenak eta motoak dira. Boxeoa ere betidanik gustatu izan zait, hamabi soka horiek, ringa… Orain dela gutxi egon naiz Ordiziako gaubeila historikoan. Kirol pila gustatzen zaizkit baina kontaktukoak batez ere. Eskrima egiten dut eta arte martzialetan ere historikoak ditut gustuko. Fisikoki benetan bizirik nagoela antzematea maite dut. Horregatik gustatzen zaizkit motoak ere. Badakit erorketa hor dagoela, eta beldurra. Baina onartzen dut, beldur horren atzean dagoen plazera gustuko dudalako.
Eskriman aritzen zarela aipatu duzu.
Erreportaje bat egitera joan nintzen, eta maisuak probatzeko esan zidan. Betiko leloa bota nion, ezkerra naizela. Normalean ezkerra izanda, eta oso ezkerra, eskuineko aldea gaizki dudalako, beti arazoak daude, baina maisuak esan zidan ezkerrentzako armak ere bazeudela. Horrek bultzatu ninduen. Denok egin ditugu mosketari plantak inoiz. Gainera, armak izugarri gustatzen zaizkit. Oso ahalmentsua sentitzen zara arma batekin. Puntu harroxko bat ere badago, jendearen erreakzioa oso desberdina da pilates egiten duzula esaterakoan edo eskrima egiten duzula esaterakoan. Nik ez dut ez pilates edo zumba egiten, ez, nik eskrima egiten dut, ezpata egiten dut, daga erabiltzen dut. Badaukat puntu bilbotar bat, Begoña izena ere badudanez.
Nola topatzen duzu egunero elkarrizketatzen duzun jendea?
Ez da zaila. Ziur nago taberna honetan dagoen jende guztiak duela nik egiten ditudan elkarrizketetarako moduko istorio bat. Agian bati autobusen zenbakiak zenbatzea gustatuko zaio; sartu berri den gizona da justu Ulian baratza duena eta piperrak eta tomateak ekartzen dituena. Atezuan egon behar da, noski. Nik bilatzen eta aurkitzen ditut, eta beraiek ere bilatzen eta aurkitzen naute. Istorio guztiak ez dira interesgarriak, filtroa jartzen saiatzen naiz. Kontua da alde batetik filtroa beharrezkoa dela, baina beste aldetik zain egon behar duzula istorio horren mamia non dagoen aurkitu arte. Gero mami hori jantzi, fabulatu, handitu, edertu egin behar duzu…
Literatura apur bat.
Bai, horregatik ez dut grabagailurik erabiltzen. Denei esaten diet istorioak kontatzen ditudala, esaten diet nire irakurleak sartzen direla orrian gu hizketan hasita gaudela, jarraitzen digutela, eta alde egiten dutela, eta beharbada hizketan jarraituko dugula. Niri bost benetako hitzak, garrantzitsuak ez baldin badira, gordetzen ez baditut. Istorioak kontatzen ditut, elkarrizketa baten formatuan.
Nondik datorkizu istorioekiko zaletasuna?
Egia esan hau ofizio bat da. Ni oso bakartia naiz, orokorrean ez zait jendea gustatzen. Beharbada nirekoia naiz, onartzen dut, eta askotan diot hau uzterakoan ez diodala inori ordua ere galdetuko. Ikastetxean hasi ziren esaten ondo idazten nuela eta ondo idatzi baina ondo dantzatzen ez nuenez hemen nago. Gustuko dut, noski, baina ofizioa da. Ofizioa eta ezintasuna, beharbada. Ez dakidanez ohiko elkarrizketak egiten nire burua babesten dut esanez istorioak kontatzen ditudala.
Zer egingo zenuke bestela?
Amets ezinezkoa da hau, eta horregatik da ametsa. Yorkshiren etxe viktoriar batean bizi nahiko nuke, irakurriz eta tabakoa errez. Ez daukaguna nahi izaten dugu. Askotan pentsatzen dut zer egingo nukeen Kutxako langilea banintz eta lana arratsaldeko hiruretan amaituko banu, ditudan afizioak mantenduz, noski. Edo dendaria izango banintz eta senarra eta haurrak banitu. Nahiz eta hasiera-hasieratik erabaki nuen haurrik ez edukitzea. Jokoak dira.
HAMABIETAN BERMUTA. Marianitoa eta Uliako piperrak
Non. Ricardo taberna (Gros).
Prezioa: 7,80 euro.