"Donostian irabazitako bandera Oriokoagatik aldatuko genuke"
Donostiarrak eta eta Orioko arraunlariak dira biak. Fernando Balenziagak (Donostia, 1983) eta Ioritz Etxeberriak (Donostia, 1988) ligan geldiezin dabilen traineruaren arraunak eusten dituzte astero.
Zein ibilbide egin duzue Orioko arraunlari izatera iritsi aurretik?
Fernando Balenziaga (F.B.): Ni Ur Kirolaken harrobikoa naiz, eta 2005ean Oriora etorri nintzen. Bost urtez egon nintzen hemen, eta gero Hondarribitik pasa nintzen, beste bost urteko erretiroa hartu aurretik. 2017an, arraunera bueltatu nintzen, Zumaiarekin. Iaz, berriz, San Pedron aritu nintzen, eta aurten Oriora bueltatu naiz.
Ioritz Etxeberria (I.E.): Ni San Pedron hasi nintzen arraunean, duela bederatzi bat urte. Lauzpabost urtez egon nintzen taldean, baina Aizperro entrenatzailea Oriora etorri zenean, berarekin etorri nintzen.
Baduzue bigarren talderik?
F.B.: Ez, ez. Orio eta kito. Beste talde batek irabazten badu, Oriok irabazi ez duela esan nahi du. Hortaz, ez dit balio!
I.E.: Nire familia Oriokoa izan da betidanik, eta baita ni neu ere, txikitatik.
Liga erdia igaro da jada. Hain ondo ibiltzea aurreikusten zenuten?
F.B.: Ondo ibiliko ginela pentsatzen nuen, gustura entrenatzen ari ginelako. Lehen entrenamendutik, ohikoa ez den maila batekin genbiltzan, eta bagenekien lehengo postuetan egongo ginela. Hori bai, ligaren erdian bigarren sailkatuarekiko hamabi puntuko aldea izatearena ez nuen espero.
I.E.: Neguko entrenamenduetan argi ikusi genuen indartsu geundela, baina beste traineruak zer moduz zeuden ikustea falta zitzaigun. Banekien banderak borrokatuko genituela, baina ligan horren ondo ibiltzea ez, ez nuen espero.
Zein izan da, zuen ustez, arrakasta horren gakoa?
F.B.: Taldekideak hasieran uste zena baino askoz hobeak dira, eta gainera giro oneko talde bat osatzea lortu da. Hori oso garrantzitsua da, kirol honetan elkarrekin sufritzea tokatzen zaigulako.
I.E.: Talde berri samarra izateak ere lagundu duela esango nuke, Jon Salsamendi entrenatzaileak esaten duen guztia betetzen duelako, eta horrek eragina dauka emaitzetan.
Bi aldiz irabazi duzue Donostian, banderan eta Gipuzkoako txapelketan. Berezia al da han irabaztea?
F.B.: Ez niretzat. Ez dit zirrara berezirik sortzen.
I.E.: Niri ilusio gehiago egiten dit behintzat. Azken finean, gertuko jende gehiago daukazu begira. Hala ere, Donostian irabazitako bandera Oriokoagatik aldatuko genuke.
Orion irabazi ez zenuten arren, herria pozik izango duzue, ezta?
I.E.: Bai, noski, eta gainera neskek Euskotren ligako bandera lortu zuten.
F.B.: Eta gure bigarren taldea ere KAE 2 ligako buru da. Orio pozez zoratzen dago herriko traineruekin.
Kontxan ere pentsatzen duzue?
F.B.: Kontxako bandera denok dugun ametsa da. Mundu guztiak irabazi nahi du, eta ezetz dioena gezurretan ari da. Guk gure ahalegina egingo dugu, noski.
I.E.: Orion, Kontxako bandera Champions-aren modukoa da. Denok helburu nagusi gisa dugun zerbait da, eta liga amaituta, hori irabazten saiatuko gara.