Itsasoaz gozatzeko beste era bat
Gaur egungo udako aisialdi jarduera ohikoena bada ere, hondartzaz gozatzeko era ez da beti berdina izan. Garai batean, bainujantziarekin ikusiak ez izateko, egurrezko etxola batzuk uretara hurbilduz bainatzen ziren herritarrak.
Isabel II.a Espainiako erreginak azaleko herpes bat izan zuen 1845ean, eta itsasoan bainuak hartzea gomendatu zioten. Donostia aukeratu zuen erreginak horretarako, eta errege familiak udak hirian pasatzeko ohitura hartu zuen. Horrela, bainu terapeutikoak hartzeko moda asko zabaldu zen XIX. mendeko azken herenetik aurrera, baina ez zegoen sozialki onartuta bainujantziarekin ikusia izatea.
Horregatik eraiki zuten argazkian lehen planoan ikusten den egurrezko errege etxola, gaur egun La Perla bainuetxea dagoen tokian. Errail batzuen gainean zegoen eraikita etxola hori, eta baporezko motor bati esker iristen zen uretara. Behin itsasora helduta, errege familia etxolatik ateratzen zen, bainu bat hartzen zuen eta hondartzara itzultzen zen. Aipatzekoa da goizean bainatzen zirela errege-erreginak, eta ondoren herritarrak.
1912ra arte erabili zuen Alfonso XIII.a Espainiako erregearen familiak etxola hori, urte hartan gaur egungo eraikina egin baitzuten. Hala ere, Borboi etxekoak ez ziren arearekin zikinduko, eta itsasontzi moduko bat jarri zuten eraikinaren kanpoaldeko errailetan, errege familia uretara hurbiltzeko.
Herritarrak motorrik gabe
Borboien modari jarraituz, garaiko herritarrek ere egurrezko etxolak erabiltzen zituzten itsasoan bainatzeko. Argazkiko atzealdean ikusten direnak ziren, eta alokatu ondoren, bi idik tiratuta eramaten zituzten uretara.
Etxolen sistemak 1920ko hamarkada bukaerara arte iraun zuen, bainu terapeutikoen modak indarra galdu baitzuen orduan.