Joe Jackson, nostalgia eta modernitatea
Joe Jackson britainiarrak estreinatu zuen atzo aurtengo Donostiako Jazzaldiko Kursaaleko auditorioa, eta Look Sharp bere lehen diskoaren 40.urteurrena ospatu zuen jendez lepo zegoen auditorioan. Musikaz gain, eszenaratzea asko zaindu zuen Jacksonek, eta era berean hasi eta bukatu zuen emanaldia; musikariak banan-banan sartu eta ateraz eta Fool bere azken diskoko Alchemy abestiarekin, hain zuzen.
Argiztapenak ere musikari lagundu zion hasieratik, pop kutsuko Alchemy abestian argi gorriak ematen baitzion, eta rock melodiko kutsuko abesti batera pasa zenean argi zuri indartsu batek hartu zuen agertoki guztia. Horrela, ikusleriaren arreta bereganatzen joan zen, eta lehen lerroetan zeuden zale amorratu batzuk kenduta, hasieran nahikoa hotz zeuden ikusleek zutik bukatu zuten.
Bere ibilbideko disko esanguratsuenetako abestiak jo zituen, hala nola, Look Sharp-eko One More Time eta Is She Really Going Out With Him, I’m The Man abestia, izen bereko diskokoa, eta Night and Day, Laughter and Lust eta Rain diskoetako hainbat pieza. It’s Different For Girls abestiarekin jendeak benetan gozatu zuen, eta Real Man abestian heldu zen arratsaldeko bitxikeria nagusia, Doug Yowell bateria-jotzaileak hain indartsu jotzen baitzion bateriari, ezen hiru makil hautsi zituen, zaleen harridurarako. Berezia izan zen abesti hori, gitarraren soketan putz eginez bukatu baitzuten, jendearen txalo zaparrada eraginez. Baina bitxikerietaz at, aipatzekoa da Jacksonen taldekideen maila, bereziki Yowellena, baina baita Graham Maby baxu-jotzailearena -oso presente kontzertu guztian zehar- eta Teddy Kumpel gitarra-jotzailearena, bereziki ondo Fool diskoko Fabolously Absolute-ren moduko rock kutsuko abestietan. Azken diskoko Strange Land ere jo zuen, eta Fast Forward azken aurreko diskoko Ode To Joy.
Amaiera aldean, melodika instrumentua atera zuen Jacksonek, baina ez zen ondo jotzeko kapaza izan, eta nazkatuta utzi egin zuen, bere teklatu eta soinu sintetizadoreekin jarraitzeko. Eszeneratzea bukaerara arte zaindu zuen, eta aipatzekoak dira abesti baten erdian lau musikariak geldi, izoztuta egongo bailiran, gelditu ziren unea, eta Steppin’ Out biseko antzerki txikia. Izan ere, abestiaren grabazio originaleko soinu makina atera zuen Jacksonek, eta mediku jaka zuri batekin jantzitako gizon batek manipulatu zuen, martxan jarri zuten arte.
Azken diskoetako abestiak pop kutsu handikoak ziren bitartean, zertxobait errepikakorrak egin zitezkeenak, New Wave garaikoak rock eta jazz kutsukoak ziren, eta maisuki tartekatu zituen Jacksonek. Faltan bota zen bakarra Jumpin’ Jive diskoko -jazz kutsu handiena duena- abestiren bat jotzea izan zen, baina Kursaaleko ikusleriarekin gelditzea lortu zuen britainiarrak, behetik gora joan zen kontzertu batean.