McCaslin eta Schneider, David Bowiek elkartuta
Bi izen handi eta talde paregabe elkartu ziren bart Trinitate plazako agertokian. Donny McCaslinen boskoteak egin zuen distira lehen atalean, Maria Schneiderrek eta Ensemble Denadak bigarrenean. Goi-mailako kontzertuak izan ziren, espero zen bezala, eta jazzaren baitako mundu desberdinak taularatu bazituzten ere elkarguneak egon ziren.
Kontzertua hasi baino ordu-erdi lehenago tximistek argitzen zuten zerua, trumoi hotsak gertutik erantzuten zuelarik; euria ari zuen goian-behean. Sare sozialetan kezka ageri zuen jendeak, emanaldia bertan behera geratuko ote zen. Zalantzati heldu ginen geu ere Trinitate plazara. Heldu ginenerako ia beteta zeuden jadanik eserlekuak, sarreran antolakuntzakoek emandako pontxo berdeak soinean zeramatzaten ikuslez.
Bederatziak puntu-puntuan igo ziren taulara Donny McCaslin saxofoi-jotzailea, Jeff Taylor abeslaria eta gitarrista, Jason Lindner pianista, Jonathan Maron baxu-jotzailea eta Zach Danziger bateria-jotzailea. Blow diskoaren aurkezpen-kontzertua diskoa zabaltzen duen What About the Body abestiarekin hasi zuten, indartsu. Kontzertua hasi eta berehala atertu zuen eta horrela iraun zuen bi kontzertuek amaitu arte. Hasieratik markatutako intentsitate altuan jarraitu zuen kontzertuak, arnasaldi oso gutxirekin, rocketik gertuago ohiko jazz kontzertu batetik baino. Jeff Taylorren frontman jarrerak ere sentsazio hori areagotzen zuen. Esperimentazioa rocka baino harago joan zen ordea, erritmoak eta melodiak ausarki nahasiz. Birtuosismo erakustaldia egin zuen boskoteak, taula gainean tentsioari eta indarrari eutsiz betiere, kontzertuak iraun zuen ordubetea berehala igarotzeraino.
Maria Schneider eta Ensemble Denadaren txanda izan zen gero. Dagoeneko zerua ilunduta jazzaren alderdi klasikoagoetara eraman zuen entzuleria Schneiderrek. Norvegiako 18 musikariek distira egin zuten Schneiderren konposizioekin eta zuzendaritzarekin. Solo klasikoagoak ere entzun ahal izan ziren, eta pieza luzeagoek aukera ematen zuten Schneiderren paisaia musikaletan murgiltzeko. Haizeari eta bere sorterriko zelaietako paisaiari buruzko konposizioak jo zituzten, eta baita iparraldera migratzen duten txori bat jarraitu ere.
Gauaren une izarretako bat ere Schneiderren eta Ensemble Denadaren kontzertukoa izan zen. Donny McCaslin, Jeff Taylor eta Zach Danziger igo ziren agertokira, Schneiderrek David Bowierentzat konposatutako Sue (Or In A Season Of Crime) jotzera. Bi bateriek eta Taylorren ahotsak gorenera eraman zuten gaua, Schneiderren zuzendaritzapeko bandari ekarpen ederra egiten ziotelarik, McCaslinen saxofoia ahantzi gabe.