Frenetikoa eta delikatua
Atomic + Trondheim Jazz Orchestraren txanda izan zen atzo Kursaaleko Auditorioan. Kanpoaldeko euriaren soinuaren antza hartu zuten ikusleen txaloek hamabi musikariak taulara agertu zirenean. Musika garaikidetik abiatu eta jazzerantz egin zuen lehen piezaren ostean euskaraz agurtu zuen ikusleria Fredrik Ljungkvistek, eta 2004an Donostian egon zirenekoa gogoratu. Atomic taldeko kideak Trondheim Jazz Orchestrako musikariekin batera aritu ziren atzokoan.
Frenetikoa eta delikatua izan zen emanaldia, alderdi konposatuen eta inprobisazio esperimentalaren arteko balantzan. Kontraste hori bisuala ere izan zen, bateria- eta perkusio-jotzaileek lurrera botatzen baitzituzten partiturak, euren inguruko tresnak jaso, jo eta bota bitartean. Musikarien arteko komunikazioak ere geruza bat gehitu zion kontzertuari, pieza bakoitzean taldekide desberdinak aritu baitziren zuzendari lanetan.
Finean, kontzertua musikaz gozatzeko eta musikaren eratze prozesuaz gozatzeko aukera ederra izan zen. Alderdi garaikide edo esperimentalagoek batzuetan deserosotasuna ere sor zezaketen eta erritmo eta melodia erosoagoekin kontrastean emaitza interesgarria lortzen zuten konposizioek. Jazzaren lurralde ezagunagoetan ere ibili ziren tarteka, baina arriskurik hartzeko beldurrik gabe.
Ez dago esan beharrik maisuki aritu zirela musikariak, eta entzuleek txalo zaparrada luze batez saritu zituzten amaieran. Bigarren aldiz atera zirenean frenetikotasun erabatekoan itxi zuten kontzertua, delikatuki koordinatutako frenetikotasunean, noski.