Jazzetik rockera, euripean
Euri-zaparrada etengabe baten azpian emanaldi bikaina eskaini zuten atzo Still Dreaming eta Unspeakable Garbage taldeek Trinitate plazan. Lehenak jazza bere horretan izan zuen ardatz, bigarrenak, aldiz, jazz kutsuko rocka.
Arratsaldea Kursaal inguruko terrazetan kontzertuak ikusten eman zituzten asko bustita heldu ziren Trinitate plazara atzo, eta antolakuntzak eskainitako pontxoak eskertu zituzten. Horrela, urteroko legez, Jazzaldiko agertoki enblematikoena pontxo berdez beterik zegoela heldu ziren 21:00ak, eta Joshua Redman saxofoi-jotzailea agertokira atera zen bere taldearekin. Ezin zuen sinetsi euripean plaza beteta zegoela bere kontzertua ikusteko, eta “hau Donostian soilik gertatzen da, inoiz ez AEBetan”, esan zuen.
Bere aita Dewey Redmanek 1970eko eta 1980ko hamarkadetan izandako Old & New Dreams taldea omentzen du Redman semearen Still Dreaming taldeak, Ron Miles tronpeta-jotzailearekin, Scott Colley kontrabaxu-jotzailearekin eta Dave King bateria-jotzailearekin batera. Jazz, blues eta soul doinuak uztartzen zituen Blues for Charlie abestiarekin hasi zuen kontzertua taldeak, eta Old & New Dreams taldeko hainbat abesti jo zituzten kontzertuak iraun zuen ordubetean, hala nola, Walls and Bridges.
Ikusleek ez zuten asko itxoin behar izan ikusten ari ziren musikarien maila frogatzeko, bigarren abestian bakoitzak bere soloa egin baitzuen, zein baino zein hobea, Redmanena berarena bereziki. Saxofoia izan zen kontzertu guztian zehar protagonista nagusia, eta ikusleen gozamena eragin zuen taldeak iaz argitaratu zuten Still Dreaming diskoko New Year, Haze and Aspirations eta It’s Not the Same abestiekin, besteak beste.
Redmanek une batean ura agertokira sartzen ari zela ohartarazi bazuen ere, kontzertuak aurreikusitakoa iraun zuen, eta musikariak oso eskertuta agertu ziren euripean ere Trinitate plaza ia goraino bete zuten zaleekin.
Unspeakable Garbage
Etenaldi labur baten ondoren eta euri-zaparrada are indartsuago baten azpian, agertokira atera zen Moppa Elliott baxu-jotzaileak zuzendutako eta Bryan Murray saxofoi-jotzaileak, Nick Millevoi gitarra-jotzaileak, Ron Stabinsky piano-jotzaileak eta Dan Monaghan bateria-jotzaileak osatutako Unspeakable Garbage taldea.
Oso proposamen berezia aurkeztu zuen Elliotten taldeak, rock musika jazz doinuekin uztartuz, guztia era instrumentalean. Hasi eta buka energia handiko kontzertua eskaini bazuten ere, jende asko alde egiten hasi zen atsedenalditik aurrera, euria gehiago ezin aguantatu.
Amaierara arte gelditu ziren zaleek, baina, Doctor Rock, Drum More, Drum More eta Big Rock abestiekin gozatu ahal izan zuten, besteak beste. Taldekide guztiek euren talentua erakutsi zuten, eta aipamen berezia merezi dute Murrayk saxofoian eta Stabinskyk piano, hammond eta teklatuetan. Biak oso presente egon ziren abesti guztietan, beste hiruek lagunduta.
Kontzertua amaitu zenean, Trinitate plazaren laurden bat ere ez zegoen beteta. Han zeudenak goitik behera blai itzuli ziren etxera bi kontzertu handi ikusi ondoren, eta zaparrada horrengatik izan ez balitz, musikara askoz gehiago entregatuko zirela eta musikariek ere denbora gehiagoz joko zutela sentituz.