Aurtengo Jazzaldia
Aurtengo Jazzaldia berezia izan da niretzako. Elkano Browning Cream gure proiektuarekin Bor Bor diskoa aurkeztu genuen asteazken gaueko Kursaaleko Jazz Band Ball gunean, baita ostegun iluntzean Heineken Terrazan ere, nahiz eta azken honetan bost abestiren burura kontzertua bertan behera utzi behar izan genuen euria zela eta. Ni hemengoa izanik eta Jazzaldia txikitatik barruan daramadan jaialdia izanda, kontzertu bereziak izan ziren, batez ere niretzat, baina baita Franck Mantegari eta Dave Wilkinson taldekideentzat ere. Beraiek ere jabetzen ziren Jazzaldian entzulegoa eta musikarien artean sortzen den hartueman politaz.
Ez dut izan beste urteetan bezala kontzertu ugari ikusteko aukerarik, baina ikusi ditudanak ondo dastatu ditut. Osteguneko Joe Jacksonena izan zen horietako bat. Umea nintzenean bere Look Sharp diskoa askotan entzun nuen (hau ere, nere izebek kasetean grabatuta), eta maila haundiko ekitaldia izan zen Kursaalekoa. Joe teklatuetan eta ahotsean, beste hiru musikariekin batera, ederki abestuz eta joaz denak. Look Sharp hartako One More Time eta Is She Really Going Out With Him abestiekin hasi zuen kontzertua, eta denak poltsikoan sartu gintuen segituan.
Iganderarte ez nuen beste kontzerturik ikusteko aukerarik izan. Igandean, John Zorn newyorktarraren Bagatelles Marathon II ikusten izan nintzen. Aurtengo Jazzaldiko saria jaso zuen berak, urteetan jazzaren abangoardian egiten ari den lanagatik. Zazpi talde desberdinek (denera hamalau musikarik) Zornen musika interpretatu zuten. Musikari hauen artean, Jazzaldiko aspaldiko ezagunak eta artista izugarriak genituen: John Medeski piano-jotzailea, Marc Ribbot gitarrista, Kenny Wollesen perkusionista (Ruper Ordorikaren aspaldiko laguna eta bere diskoetako musikaria), Dave Douglas… Proposamen puskatzailea arlo askotan, eta ez edozeinek dastatzeko modukoa, baina izugarrizko mailakoa eta berritzailea. Pasarte anitz eta desberdinak izan zituen kontzertuak, baina denak hertzera eramanda, bidearen erdian gelditu gabe. Esperientzia bat bizi genuela esango nuke, erreakzio ugari sortzen zituena eta ez beti atseginak.
Ondoren, Kursaaleko Coca Cola espazioan Hot Potato Blues Band ikusi nuen, hauek nire lagun minak, 90etan aurrena Blues Stop taldean eta ondoren Lau Behi taldean aritu ginen Alberto Bosch (bajoa), Txenan Calvo (gitarra) eta Juanra Etxaburuak (bateria) aurten sortutako proiektua. Hauekin batera Asier Nieto ‘Kixki’ armonikan eta Iñigo Elena ‘Helen’ ahotsean aritu ziren. Rhythm & Blues klasiko saio ederra eskaini zuten, eta han geunden 90etan La Gatera tabernako musika giroan mugitzen ginenetako asko, taberna izan zuten Santi eta Jon buru genitula.
Trinitate plazara joan nintzen ondoren; ez nuen Jazzaldia areto majiko hori zapaldu gabe bukatu nahi. Charles McPherson saxo maisu izugarria ikusi genuen han, 80 urteko gizona, jazz klasiko eta be bop estiloetan izugarrizko musikaria, Chales Mingus eta hainbat handirekin lan egindakoa bere bizitzan zehar. Musikari eskainitako eta jakinduriaz betetako bizitza oso baten emaitza eskaini zigun, Jazzaldian aurretik ere izandako Bruce Barth piano-jotzaile apartarekin batera. Zoragarria izan zen.
Bukatzeko, Silvia Perez Cruz, Javier Colina eta Toquinho izan genituen. Hau proposamen atsegina eta jendeari erraz iristen zaiona. Artista apartak hirurak, baina John Zornen lurrikara ikustetik netorrelako edo, gozoegia gertatu zitzaidan, azukre gehiegikoa. Abesti eta himno latinoz osatutako errepertorioa eskaini zuten (Garota de Ipanema eta abar), baina nik faltan bota nituen abesti propioak. Silviaren ahotsa ez zen ondo entzuten, mikrofonoaren arazoren batengatik edo, eta horrek ere ez zidan lagundu kontzertuan sartzen. Aipatzekoa, Javier Colina kontrabaxistak euskaraz errezitatu zituen Iparragirreren hitzak: “Herrialde guztietan toki onak badira, baina bihotzak dio, zoaz Euskal Herrira”. Halaxe ba, izango dira datozen hilabeteetan jaialdiak hor zehar, baina datorren urteko Jazzaldia iristeko zain izango gara.