'Bertsopiropoteoa' egingo dute Donostiako Piratek, Aste Nagusiaren atarian
Aurten ere, Aste Nagusiaren aurretik, “motorrak berotzeko eta espazio publikoa herritarrena dela aldarrikatzeko”, bertsolaritza eta poteoa uztartuko dituen kalejira egingo dute Donostiako Piratek. Bertsopiropoteo pirata bihar izango da, abuztuaren 2an, 19:00etan. Parte Zaharreko Akerbeltz tabernatik abiatuko da kalejira, eta auzoko hainbat tabernatan geldialdiak egingo dituzte. Miren Artetxe, Maialen Lujanbio eta Eli Pagola izango dira aurtengo bertsolariak.
Jai askeak eta “ligoteo sanoa” sustatzeko, egitasmoko antolatzaileek Bertsopiropoteora mozorrotuta joateko deialdia luzatu dute, eta norberak bere edalontzi berrerabilgarria eramateko gomendioa egin dute.