Egan Bernal Tourreko irabazleak Donostiako Klasikoan parte hartuko du
Egan Bernal 2019ko Frantziako Tourreko irabazleak larunbateko Donostiako Klasikoan parte hartuko du, ETBk jakinarazi duenez. Frantziako txapelketarik ospetsuena amaituta, taldeak hasi dira Klasikoan parte hartuko duten txirrindularien izenak zabaltzen, eta Bernalekin batera, Julian Alaphilippe ere arituko da, iazko Klasikoaren irabazlea. Deceuninck Quick Step taldeak atzo baieztatu zuen frantziarraren parte hartzea, eta txapelketa irabazteko faborito nagusia izango da.
Bernal eta Alaphilippek aurkari izango dituzte lasterketa donostiarraren 227 kilometroko ibilbidean Movistarreko Alejandro Valverde eta Mikel Landa, Greg Van Avermaet (CCC), Tim Wellens (Lotto), eta Simon Yates (Mitchelton Scott), besteak beste.
Lehendabiziko aldiz emakumezkoen proba egingo dute gizonezkoenarekin batera, eta bi probetan diru sari berdinak banatuko dituzte. Horrekin batera, ETBk bi lasterketak eskainiko ditu zuzenean, bai emakumeena eta bai gizonena.