Gaueko Aterpea lehen aldiz egongo da zabalik abuztuan
Orain arte, abuztua erabiltzen zuten Gaueko Aterpearen berrikuntza eta garbiketa lanak egiteko, eta horregatik, itxirik mantentzen zen hilabete osoan zehar. Aurten, aldiz, otsailean onartu zenaren arabera, lehen aldiz ateak irekiko ditu abuztuan. Donostiako Udalak adierazi du aldaketaren helburua dela zerbitzua erabiltzen duten pertsonengan itxierak sortzen zituen eraginak saihestea.
Arrats elkartea arduratzen da aterpearen kudeaketaz, eta hasieran zerbitzua pertsona askoren artean txandakatzeko diseinatu bazuten ere, azken urteetako datuei erreparatuta pertsona askok ia modu iraunkorrean erabiltzen dute. Normalean, 22 erabiltzaile dituela azaldu dute, eta emergentzia egoeretan hamasei pertsona gehiagori ostatu emateko aukera eskaintzen du. Aurtengo aldaketak egoera horretan dauden pertsona askori lagun diezaiokeela baieztatu dute.
“Donostiako Udalak bazterketa egoera larrian dauden pertsonentzako daukan zerbitzu garrantzitsuenetako bat da Gaueko Aterpea. Zerbitzu honekin, normalean Donostian etxerik gabe bizi diren pertsonek, ohe bat dute lotarako, afariak eta gosariak egin ditzakete, garbi mantendu daitezke eta hezitzaile talde baten arreta izan dezakete”, azaldu du Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak. Gaineratu du Gaueko Aterpea abuztuan irekita egoteak urte osoan eskaintzen den zerbitzua hilabete honetan mantentzeaz gain, erabiltzaileek bere eguneroko bizitzan aldaketarik ez ekartzea dakarrela.