Reale Seguros Estadioa izena jarriko diote Anoetari
Anoeta futbol zelaiak izen berria izango duela jakinarazi du gaur Realak: Reale Seguros Estadioa. 2012 urtean hasi zen talde txuri-urdinaren eta aseguru enpresaren arteko lankidetza, eta Realak ohar batean adierazi duenaren arabera, “beste urrats bat” egin dute orain. Donostiako Udalak azaldu du Anoeta Kiroldegiko Administrazio Kontseiluak Reala baimendu duela Anoetako Zelaiaren izenaren publizitate ustiapena egiteko. Baimena bi aldeek sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen da, eta Realak antolatuko dituen jardunetara mugatzen da. Anoetako zelaiak orain arteko izena mantenduko du Realak antolatzen ez dituen ekitaldi eta jardueretan. “Reale Seguros izango da futbol estadio baten naming eskubideak lortzen dituen lehenengo aseguru etxea Espainian”, jakinarazi du kirol taldeak.
Gainera, hitzarmenaren ondorioz, taldearen kirol ekipamenduan Reale marka eramango dute jokalariek, eta Reale Segurosek gune bat izango du estadioan, Reale Seguros Aretoa, hain zuzen. “Donostia hiriaren eta Gipuzkoa osoaren eskura egongo da, erakusketak, kontzertuak edo jendearentzat ateak irekita izango dituen beste zeinahi ekimen antolatzeko gune gisa”, adierazi du Realak.
Ignacio Mariscal Reale Seguros aseguru etxeko kontseilari ordezkariak adierazi du beraientzat “benetako ohorea” dela euren marka Reala bezalako futbol talde baten estadio garrantzitsuarekin lotzea. Halaber, Realeko lehendakarik, Jokin Aperribayk, nabarmendu du hitzarmena “Realarentzat zinez albiste ona” dela. “Azken zazpi urteotan elkarrekin izan dugun harremanak bermatzen digu estadioa konpainia kaudimendun eta fidagarri batekin lotzen ari garela”, gaineratu du.
Birmoldaketa lanak eta salaketak
2017ko maiatzean hasi ziren estadioaren birmoldaketa lanak, eta datozen hilabeteotan amaituko direla jakinarazi du Realak. Azken hilabeteetan, “gehiegikeriak, iruzurrak eta faltsifikazioak” salatu ditu ELA sindikatuak. Joan den ekainean hemezortzi enpresa salatu zituen, besteak beste, 200dik gora langileren dokumentazio faltsutua zutelako. Era berean, joan den uztailaren 17an langile bat hogei metroko altuera batetik erori zen, estadioaren egiturako estalki bat askatu ostean, eta atzo goizean estadioan lanean zebilen garabi bat iraultzeko zorian egon zen.
Erabakiak, sare sozialak astindu ditu azken orduetan, eta Anoeta zelaiaren izena “pribatizatu”, eta “herritar eta jarraitzaileei inongo galdeketarik egin gabe” akordioa sinatzearen aurkako ahotsak azaldu dira. Halaber, Osoigo.com atarian sinadura bilketa hasi dute, Amara Berriko estadioaren izena Anoeta izaten jarraitzeko.