Belatz handi bat itzuli da Artzain Onaren katedralaren kanpandorrera

Eguzki talde ekologistak apirilean salatu zuen Artzain Onaren katedraleko kanpandorrean bizi zen belatz handi bikoteak alde egin zuela obrak zirela-eta. Lanak aurrera eramateko dorrea aldamioz inguratu zuten eta belatzek bertan zuten habia oztopatzea egotzi zien Eguzkik Gotzaindegiari, Donostiako Udalari eta Foru Aldundiari. Hegazti hauen umatze-guneetan eragozpenak sortzea eta habiak suntsitzea legez kanpokoa dela gogorarazi zuen Eguzkik. Izan ere, belatz handiak bakanak dira Euskal Herrian eta Artzain Onaren katedraleko bikotea Gipuzkoako belatz-habia “kaletar” bakarra zen.
Eguzkik ohartarazi duenez, belatz handi bat itzuli da Artzain Onaren katedraleko dorrera, duela hiru hilabete bertan bizi zen bikoteak alde egin ostean. Talde ekologistak dioenez ez da ziurra baina, espeziaren ohiturak ezagututa, litekeena da lanek uxatutako belatzetako bat izatea orain dorrea talaia gisa darabilena.
Belatz handia Donostiako erdialdera itzuli izana espeziearen iraupenerako baliatu behar den aukera da Eguzkiren iritziz. Lanak noiz amaituko diren ez jakin arren bi eskaera egin dituzte. Batetik, dorrea publikoari zabaltzerakoan belatz handien umatze-garaian (urtarriletik apirilera) bisita turistikorik ez antolatzea eta, bestetik, habia monitorizatu bat jartzea belatzen etorrera erraztu eta jarraipena egin ahal izateko. Diotenez, eskaerok ez dute aparteko aurrekonturik behar eta gauzatzen errazak dira.
Foru Aldundiari, Donostiako Udalari eta Gotzaitegiari bioaniztasunaren alde egin eta belatz handiak babesteko eskatu die Eguzkik. Beste hiri batzuetan hegaztiok altxortzat hartu eta babesten dituztela azpimarratu du talde ekologistak: Bartzelonan, Madrilen eta Iruñean, kasu.