Gotzainaren jarrera "absolutista" salatu du Familia Santua parrokiako kontseiluak

Soka luzea ekarri du Donostiako Gotzaindegiaren ondarearen berregituratzeko erabakiak. Maiatzean argitaratutako albiste batean ematen zen Amarako Familia Santua parrokiaren lursaila saltzeko negoziazioen berri eta dagoeneko ezaguna zen auzotarren eta parrokiako kideen egonezina. Ohar bat kaleratu zuen orduan Elizbarrutiak eta parrokia denborarekin hondatzen ari zela ere azpimarratzen zuen, besteak beste. Halaber, lursailaren inguruan Udalarekin abiatutako negoziazioak behin-behinean geldituta zeudela zehazten zuen oharrak, hauteskunde-kanpaina zela medio.
Ohar bat kaleratu du orain Familia Santua parrokiako kontseiluak, Gotzainaren jarrera gaitzetsi eta Elizbarrutiak maiatzean ateratako oharrean esandakoak gezurtatzeko. Kontseiluak adierazi duenez ez da zuzena Familia Santua parrokia “denborarekin hondatzen” ari dela, 2008ko arkitektura-azterketa batek 50 urteko iraupena ematen baitzion eraikinari, berritze-lan batzuk eginez gero. Lanok “parrokiako elkarteak ordaindutako maileguen bidez” ari dira ordaintzen, kontseiluaren arabera.
Bestalde, kontseiluak salatu du Gotzaingoak ez duela elkartearen eta kontseiluaren beraren parte-hartzea ahalbidetu parrokia kokatuta dagoen lursailaren salmenta-negoziazioetan. Ezinegona adierazi diote Gotzaindegiari parrokiaren mantenua eta egonkortasuna bertako elkartea osatzen dutenek bermatzen duten arren elkartea eta kontseilua negoziazioetan kontuan ez hartzeagatik.
Kontseiluaren kexen aurrean ezaxola agertu zen Jose Ignacio Munilla, kontseiluak oharrean dioenez, baina kontseiluaren aurka ekiten jarraitu zuen. Familia Santua parrokiako parrokoa lekualdatzeko mehatxua egin du, kontseilua desegiteko asmotan eta Gotzainaren “interes urbanistikoak aurrera eramateko oztopo izango ez den neurriko beste bat sortzeko”. Azpimarratu dutenez, Gotzainak horrekin “Elkarte osoa alboratu nahi du eta parrokiaren benetako egitekoarekin bat ez doan helburu espekulatibo bat lortu”.
Oharra amaitzeko Gotzainaren jarrera “absolutista” salatu du parrokiako kontseiluak eta aurreikusitako hirigintza espekulazio oro bertan behera uzteko eskatu. Halaber, gaia egungo parrokoaren eta kontseiluaren parte-hartzearekin aztertzeko eskaera egin dute, “modu garden batean eta, batez ere, errespetuan oinarrituta”.