Ekintza bat egin dute Santa Klara uhartean egingo duten arte instalazioaren eragina salatzeko
Santa Klara uhartea babesteko eskatu dute BizilagunEkin plataformak, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, eta Ekologistak Martxanek. Pankarta erraldoi bat zabaldu dute hainbat ekintzailek uhartean bertan.
Pankarta erraldoi bat zabaldu dute gaur goizean hainbat ekintzailek Santa Klara uhartean, Irla babestu, stop turistizacion lelopean. BizilagunEkin plataforma, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, eta Ekologistak Martxan eragileak izan dira protestaren sustatzaileak. Cristina Iglesiasek uhartean egingo duen arte instalazioa salatzea izan da ekintzaren helburua, kaian egin duten agerraldian azaldu dutenez. Hiru eragileetako ordezkariak kezkatuta agertu dira proiektuak uhartean eduki ditzakeen ondorio kaltegarriengatik. Argitu dute ez daudela arte proiektuaren aurka, baina horrek “hiriko ingurune berezi” horretan eragin ditzakeen eraginak kezkatzen dituela.
Erakunde publikoei uhartearen babesa bermatzeko “eskura dituzten tresna legalak” aktibatzeko eskatu diete, eta uhartea Biotopo Babestua izendatzeko. Horretarako eskaera ofiziala irailean egingo dute. “Erakunde publikoei behingoz irla babesteko konpromiso finko eta lotesle bat hartzea eskatu nahi diegu”, adierazi du BizilagunEkin plataformako June Aretxaldek .
Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak “irla bezain hauskorra, zein ekologiki aberatsa den gune natural batean bertara jende gehiago erakarri dezakeen interesgune” baten aldeko apustua egin izana kritikatu dute. Proiektuaren aurrekontu osoa 1,4 milioi eurokoa dela azaldu dute: Donostiako Udalak 270.00 euroko inbertsioa egingo du eraikina egokitzeko, eta Foru Aldundiak 200.000 euro jarriko ditu. Hiru eragileen ustez arte instalazioaren proiektua ez da hiriarentzat beharrezkoa, eta baieztatu dute “Donostian ematen ari den turistifikazio prozesua lagunduko duen beste mugarri bat besterik ez” dela.
Gainera, bertako ekosistema eta intereseko fauna espezieak arriskuan jarriko dituela ohartarazi dute. Aretxaldek azaldu du Donostiako azken udalbatzarrean PSE eta EAJko zinegotziek proiektuaren ingurumen-inpaktua neurtzeko azterlan bat egiteko proposamenari uko egin ziotela.
Ekologistak Martxan taldeko Clara Megiasek espazio publiko eta naturalen “merkantilizazioa” salatu du, eta jomugan jarri du ingurumena kaltetzen duen turismo-industria. Estatuko eragileak bat egin du protestarekin, eta udan egiten ari diren kanpainaren barruan kokatu dute. Diosa Maat belaontzia da kanpainaren protagonista, eta urtero, elkarte ekologistaren mezu eta aldarriak zabaltzen ibiltzen da itsasoan eta kostaldeko herrietan. Aurten, Santanderretik atera zen itsasontzia, ekainaren 15ean, eta hara itzuliko da, hilabete geroago, besteak beste Galizia eta Euskal Herriko kostaldeak bisitatu ostean. Kanpaina guztian, sei pertsona joango dira belaontzian. “Arrantza eta turismo jasangarriaren aldeko mezuak zabaltzea da gure helburu nagusia, eta horretarako, joaten garen tokiko eragileekin egitasmo bateratuak egiten saiatzen gara, gaur bezala”, azaldu du Megiasek.
Azkenik, aldarrikatu dute hiriak “desazkunde turistikoaren” bidea hartu behar duela, eta horretarako, “turismo jasangarriaren lelopean, hiriaren esplotazio turistikoaren jarraipen bat besterik ez diren erabakiak” hartzeari uzteko exijitu diete arduradun politikoei.