Aste Nagusirako segurtasun dispositiboa adostu du Udalak
Aste Nagusirako segurtasun dispositiboa errepasatu eta adostu du Udalak, Koordinazio Batzordeak izandako bileran. Eneko Goia alkatea, Josu Zubiaga Herritar Segurtasuneko kontseilariordea, Martin Ibabe Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotzi ordezkaria eta Ertzaintzako eta Udaltzaingoko agintariak elkartu dira bileran.
Kaleetan poliziak izango duen presentzia, Aste Nagusian jende asko biltzen den ekitaldietako segurtasuna (su artifizialak eta kontzertuak), alkoholaren eta drogen kontsumoak eragindako lapurretak eta jarrerak eta eraso eta abusu sexistak izan dituzte bereziki mintzagai.
Martin Ibabek adierazi duenez, “Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin batera festetan ospatuko diren ekintza guztien errepasoa” egin dute. “Batez ere, eraso sexistetan eta lapurretetan jarriko da arreta berezia, eta horrelako arazoak ekiditeko lehengo urtean baino polizia gehiago egongo da Donostiako kaleetan. Garrantzitsua izango da, era berean, herritarren kolaborazioa eta espero dugu erasorik eta lapurretarik gabeko festak izatea”.
Bileraren berriak sare sozialetan erreakzioak eragin ditu. Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak, esaterako, Koordinazio Batzordean soilik gizonak egotea kritikatu du.
‼️Hau da Aste Nagusian eraso sexistak prebenitzeko @DonostiakoUdala ren Koordinazio Batzordea ? Benetan uste duzue gizonez bakarrik osatutako batzorde bat emakumeon segurtasunaz arduratu daitekeela? #AutodefentsaFeminista #ErasorikEzErantzunikGabe #GoraBorrokaFeminista pic.twitter.com/fY1DcT0d4F
— Garbiñe Alkiza (@galkiza) August 5, 2019