Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Eli Pagola, 2019ko 'Bertsopiropoteo pirata'-ren protagonistak
Lumak, ordezko bigoteak eta loreak soinean jantzita, 'Bertsopiropoteo pirata' egin dute beste urte batez Donostiako Piratek.
Aste Nagusirako astebete baino gutxiago falta da, eta “motorrak berotzeko eta espazio publikoa herritarrena dela aldarrikatzeko” Bertsopiropoteoa egin zuten joan den ostiralean Donostiako Piratek. Urtero bezala, bertsolaritza eta poteoa uztartzeko kalejira egin zuten piratek, jai askeak eta “ligoteo sanoa” sustatzeko. Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Eli Pagola izan ziren bertso saio ibiltariko protagonistak, eta modu librean bertsotan aritu ziren Parte Zaharreko kaleetatik zehar. Akerbeltz tabernatik abiatu zen kalejira, eta lumak, ordezko bigoteak eta loreak jantzita jai giroa zabaldu zuten tabernaz taberna. IRUTXULOKO HITZA handik ibili zen, une hoberenak irudietan jasotzeko.