Atotxa Errekako sei lursail salgai jarriko ditu Udalak
Iaz Atotxa Errekan kokatutako bere jabetzako hamasei lursail atera zituen lehiaketa publikora Udalak. Lursail horiek saldu ostean inguruko bereko beste sei eremu jarriko dituzte salgai. Sei lursail horietatik lau udalarenak dira osotasunean eta beste biak %50ean eta %75ean, hurrenez hurren. Eneko Goia alkateak esan duenez, agortzen ari dira Udalaren jabetzako lursailak, eta horregatik atera dute kopuru txikiagoa lehiaketa publikora.
Bi motatako lursailak dira: hiru a.500 motakoak eta beste hiru a.410 motakoak. A.500 motako eremuetan launa etxebizitza eraiki ahal izango dira eta 480.173 euroko hasierako prezioa izango dute, a.410 motakoetan seina etxebizitza eraiki ahal izango dira eta 924.428 euroko hasierako prezioa izango dute. Orotara, 3.700.000 euroko hasierako prezioa du lursailen multzoak. 2018an lehiaketa publikora ateratako 16 lursailen salmentak 14.350.881 euroko diru-sarrera ekarri zion Udalari, lizitazio-prezioa baino 5.355.216 euro gehiagokoa.
Lehiaketa publikoan parte hartzeko epea Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 45 egunekoa izango da. Prozesuaren amaieran lursail guztien %100aren jabe izateko eskubidea izango dute esleipendunek, bai osorik Udalaren jabetzakoak diren eremuen kasuan eta baita Udalak jabetza partekatua duen eremuen kasuan ere.