Bukatzear da Abordatzean izena emateko epea
Aurten ere, Donostia abordatuko dute Donostiako Piratek, Kortsarioen Donostian, izan pirata! lelopean. Abuztuaren 12an, astelehenean izango da abordatzea, eta parte hartzeko izen ematea abuztuaren 8an amaituko da. Izen emateko nahikoa izango da piraten webgunean jarri duten galdetegi bat betetzea. Urtero bezala, bazkari herrikoia egingo dute Abordatzearen aurretik, eta txartelak Trikuharri (Antigua), Pandora (Gros) eta Herria (Parte Zaharra) tabernetan salgai daudela ere jakinarazi dute. Menua honakoa izango da: zizka-mizka, paella eta postrea eta sagardo txotx-a. Bestelako edaria nahi dutenentzat barra irekia egongo dela azaldu dute.
Gainera, abordatze egunean beste berritasun bat izango dutela nabarmendu dute antolatzaileek: lehen aldiz, Abordatzearen baltsa politenak saria izango du.
Izen emateari dagokionez, baltsa bakoitzeko izen emate bakarra egin behar da, kide guztien datuak sartuz. Baltsa bakoitzeko arduradun bat izendatu beharko dute parte hartzaileek, antolakuntzarekin harremanetan egoteko. Izen ematea amaitzean, mezu elektroniko bat jasoko dute parte hartzaileek, baltsaren zenbakiarekin, eta abuztuaren 9an, muntaketaren txanden banaketa egingo dute. Talde bakoitzari posta elektronikoz jakinaraziko zaie egokitu zaien ordutegia.
Hona hemen Abordatzearen egitaraua:
- 9:30 – 14:00 Muntaia
- 14:30 Bazkari herrikoia
- 17:00 Txupina
- 18:00 Lehorreratzea eta kalejira jai guneruntz
- 19:30 McOnak taldearen kontzertua