Donostiako gaztetxeak izango dira Matti, Aste Nagusi Piratan
Donostiako Piratek iragarri dute nor izango den 2019ko Aste Nagusi Pirataren Matti pertsonaia: Donostiako gaztetxeak. Ezkilarekin batera, Añorgako gaztetxea, Letaman gaztetxea, Txantxarreka gaztetxea eta Kijera gaztetxea eta arduratuko dira jaien hasierako txupina botatzeaz, eta piratek antolatutako jardueretan parte hartuko dute. Mattik aldarrikapen bat ordezkatzen du urtero, Aste Nagusi Pirataren baloreekin bat datorrena, eta, aurten, gaztetxeek eta gune autogestionatuek hirian betetzen duten funtzioa nabarmendu nahi izan dute piratek. Era berean, Intxaurrondoko Traganarrua kofradiak ordezkatuko du Ezkila kapitainaren pertsonaia.
Aurretik izan dira Matti Martuteneko auzo elkartea, Etxe kaleratzeen aurkako kolektiboa, Abortuaren aldeko mugimendua, IRUTXULOKO HITZA, Errefuxiatuak, Izar eta Sara, eta Altsasuko gurasoak. “Bakoitzak gauza pila bat egiten ditu herritarrentzat”, adierazi dute piratek, Matti aurkezteko egin duten bideo batean. Woody Allenek hirira egin duen bisita baliatuz, parodia bat egin dute, Matti, by Woody Allen izenekoa. Bideoan gaztetxeen inguruko informazioa zabaldu dute, eta gune autogestionatu bakoitzeko ordezkariek hitza hartu dute.
Lau gaztetxe autogestionatu
Añorgako gaztetxea da hiriko zaharrena, eta datorren urtean 30 urte beteko ditu. Piraten ustez, “gauzak beste modura egin daitezkeela erakusten du”. “Letaman gaztetxeak ere urte asko daramatza auzoan eta hirian eragiten, esaterako, Ramadan osoan zehar, etxerik gabeko gazte migratzaileei eskainitako afariak prestatzen aritu dira, euren ohituren arabera ospatu dezaten”, azaldu dute ikus-entzunezkoan.
Antiguako Txantxarrekan, berriz, auzoaren beharrei erantzuten saiatzen aritu dira gaztetxearen sorreratik. Azken urtean hirira heldutako migratzaileentzat harrera gune bat sortu dute gaztetxean, eta erakunde publikoen aldetik behar horri erantzuteko dagoen gabezia salatu dute behin eta berriro. Parte Zaharreko Kijera gaztetxea irailean ireki zuten, hamabi urtez hutsik egon den Kanpandegi eraikinean, eta “jo eta su” ari dira lanean auzotarrentzat gune bat eraikitzeko. “Hiri justuago baten alde borrokan” dabiltzan hiriko gainerako gune autogesionatuak ere aipatu dituzte bideoan, eta horien aitortza ere egin nahi dute Donostiako Piratek: Fires lantegi berreskuratua, Infernua, Guardetxea, eta abar. Bideoan, hiriko gaztetxe bakoitzeko ordezkariak agertzen dira, Matti izateko erabakia eskertuz. Letamanen izenean, honakoa esan dute: “Donostiako Piratek eta gaztetxeek zerikusia dute, autogestioan oinarritzen direlako eta hiri eredu jakin baten inposizioari erantzuten diotelako”.