Gizon bat atxilotu dute, adin txikiko emakume bati sexu erasoa egitea egotzita
Hirian beste eraso sexista bat salatu zuten atzo. Salaketa jaso ostean ikerketa bat abiatu zuen Ertzaintzak, eta igandean emakume adingabe bati sexu erasoa egitea egotzita, 18 urteko gizon bat atxilotu zuten. Berria hedabideak zabaldu duenez, Ertzaintzaren arabera Donostiako etxebizitza batean jazo zen erasoa, eta atxilotua Poliziaren esku dago, epailearen aurrean deklaratu bitartean.
Eneko Goia alkateak, Donostiako Udaleko bozeramaile taldearen izenean, gertakari “tamalgarriaren” gaitzespen irmoa egin du, eta bihar 12:00etan udaletxe aurrean elkarretaratze isila egingo dutela azaldu du. Gai oso larria dela esan du Goiak, gogoetara eraman behar gaituena. Azken egunetan Bilbon eta Gasteizen jazotako erasoengatik galdetuta, egoera “lazgarria” dela adierazi du alkateak. “Halakoek gertatzen jarraitzen dute, bai jai giroan eta baita jai girotik kanpo ere. Onartezina da. Erasook gertatzeko testuinguruari buruz gogoeta egin behar dugu”, gaineratu du.
Donostiako Asanblada Feministak gertakariak salatu ditu bere sare sozialetan, eta “mobilizazioetara adi” egoteko eskatu dute.