Izaro Lestayok ezin izango du Kontxako Bandera jokatu
Ekaina amaieran eman zuen berria Getariako Arraun Elkarteak: “Gaur, lehenengo aldiz KAE1 ligan, emakume bat uretaratu da traineru bateko patroi postuan: Izaro Lestayo izan da, Esperantza-ko patroia. Harro gaude urrats handi hau egiten lehenak izan garelako, eta harro gaude Izarok egin duen estropada egin duelako”.
Hilabeteotan aritu da Getariako traineruan patroi Lestayo eta TKE eta KAE ligetan gizonez osatutako traineru bateko emakume patroi bakarra da egun.
Kontxako Banderan, ordea, ezin izango du Getariako traineruarekin parte hartu. Donostia Kulturaren arabera, “lehiaketa ez da mistoa, gizonezkoen bandera bat dago eta beste bat emakumezkoena”. Oinarrietan, aldiz, gaztelaniazko bertsioan bakarrik dator zehaztuta debekua, tripulazioari dagokion puntuan. Emakumezkoen banderari dagozkion oinarrietan “patrona” hitza agertzen da, gizonezkoenari dagozkionetan, ostera, “patron”. Euskaraz, bestelako ñabardurarik gabe: “Tripulazio bakoitza hamahiru arraunlarik eta patroiak osatuko dute” jartzen du bi banderen oinarrietan.
Halaber, antolatzaileek emakumeek “gizonezkoen proban” parte hartu ezin dutela adierazi dute. Sare sozialetan arautegia aldatzearen aldeko iritziak nagusitu dira azken orduetan.