Santa Klarako itsasargiko arte instalazioaren markaren kudeaketa adjudikatu dute
Fammilia Studio enpresak kudeatuko du Santa Klarako arte-instalazioaren marka. Lehiaketa publiko bidez adjudikatu du Donostiako Udalak uharteko itsasargian Cristina Iglesiasek egingo duen esku-hartzearen komunikazio aholkularitza eta estrategia.
2020ko abenduaren 31 arte iraungo du kontratuak, eta bitarte horretan eratu beharko du enpresak Itsasargiko Etxearen artelanaren marka eta honen zabalkundearen proiektua. Urteko 91.960 euroko kontratua da.
Santa Klarako itsasargian artelana egiteko lanak aurrera doaz bitartean. Behin Pasaiako portuaren zesioa eskuratu ostean obren lizitazioa egingo du udalak eta udako denboraldia amaitutakoan hasiko dira. 2020. urtearen amaierarako bukatzea espero dute.
Joan den larunbatean ekintza bat egin zuten uhartean hainbat eragilek, artelana bertan kokatzeak izan dezakeen kalte ekologikoaz ohartarazteko. Era berean, “espazio publiko eta naturalen merkantilizazioa” salatu zuten eta Donostiako Udalari uhartea Biotopo Babestu izendatzeko eskatu.