Uliako Mintegietako Buskando ur biltegira bisitak egingo dituzte abuztuan
Uliako Auzo Elkarteak, Ategorrietako Mintegietako Udal Parkean dagoen Buskando ur biltegia ezagutzeko bisitak egingo ditu igande honetan, abuztuaren 11n, baita hilaren 25ean ere. Bisitak 9:30ean, 11:00etan eta 12:30ean izango dira, eta euskaraz eta gaztelaniaz egingo dituzte. Topalekua parkeko sarreran jarri dute, Jose Elosegi Alkatea hiribideko 81 zenbakian. Izena emateko ondorengo postara idatzi dezakete interesa daukatenek: asociaciondevecinosdeulia@gmail.com.
Donostian etxeetara ura eramateko eraiki ziren lehen bi ur-biltegietako bat da Buskando; Soroborda da bestea. Ordura arte hiria Morlans eta Uliako iturriekin moldatzen zen, baina biztanleriak gora egin zuen Donostian eta ur beharrak ere bai. Soroborda biltegia 1869an jarri zen martxan (7.000 m3) eta handik 30 urtera aurrekoa baino handiagoa den Buskando ur-biltegi berria eraiki behar izan zuten (10.000 m3). Aranzadi Zientzia Elkarteak 2006an txosten batean azaldu zuen ur-biltegi horiek balio arkitektoniko handia dutela, diseinuagatik eta eraikuntzarengatik. Horregatik, hiriaren ondareko elementu garrantzitsua dira.