Akordioa sinatu dute Ubikeko langileek eta berriz ireki dute liburutegia
Bitartekariek sare sozialetan zabaldu dutenez, "lan baldintza duinak bermatuko dizkien akordioa" lortu dute. Bidea gogorra izan arren "borrokatzeak merezi duela argi geratu dela" adierazi dute. Era berean, hilabeteotan zehar jasotako babesa eskertu diete lagundu dieten norbanako eta eragileei.
Ia zortzi hilabeteko grebaren ostean sinatu dute Tabakalerako Ubik liburutegiko bitartekariek lan-baldintza duinak bermatuko dizkien hitzarmena. Bihar irekiko dute berriro liburutegia, eta ohiko zerbitzua eskainiko du.
Tabakalerak adierazi duenez, gaur goizean sinatu dute akordioa bitartekari-taldeak eta liburutegia kudeatzen duen Sedena enpresak. Iazko urrian hasi ziren Ubikeko bitartekariak euren lan-baldintza prekarioak salatzen, eta abenduaren 22an greba abiatu zuten. 229. greba-eguna da gaurkoa. Bitartekariek sare sozialetan zabaldu dutenez, “lan baldintza duinak bermatuko dizkien akordioa” lortu dute. Bidea gogorra izan arren “borrokatzeak merezi duela argi geratu dela” adierazi dute. Era berean, hilabeteotan zehar jasotako babesa eskertu diete lagundu dieten norbanako eta eragileei.
ELAren babespean egin dute prozesua bitartekariek. Sindikatuak adierazi duenez, 2019-2022 urteetarako balioa du akordioak. 4 urtetan %32,2ko soldata-igoera eta lanaldian 97 orduko murrizketa bat dakartza, orduko prezioaren %40 inguruko igoera batekin. Igandeetan lan egiteagatik plusa, disponibilitate plusa eta antzinatasun plusa ere barneratzen du berrikuntza gisa. Kontziliazioari dagokionean, egutegi jasangarriago eta ordenatuago bat, eta asteburuetako librantza gehiago barneratzen ditu akordioak, baita uda garaian oporrak hartzeko aukera ere. Horrela, bitartekarien eskaera guztiei erantzuten die hitzarmenak. Era berean, lanaldien egonkortasuna bermatzea, bajen ordainketan hobekuntzak eta akordioaren jarraitutasuna jasotzen duten klausulak ditu hitzarmenak.
Akordioaren balorazio oso positiboa egin du ELAko Maddi Aspiazuk, hitzarmen hau hasiera bat izan daitekeela azpimarratuz. Antzeko egoeretan dagoen jendearentzat baliagarria izan baitaiteke eta gazte-prekario eta kultura-prekario binomioei erantzuten baitie.
Era berean, Tabakalerak lizitazio berri bat aterako du abuztuan, aretoaren arretarako zerbitzuak kontratatzeko. Lizitazio berriak langileen eta Sedena enpresaren artean hitzarturiko lan-baldintzen hobekuntzak ahalbidetuko dituela zehaztu du Tabakalerak. Aspiazuk zehaztu duenez, hitzartutako hobekuntzak ez dituzte berehala nabarituko langileek. Egutegiari dagozkion aldaketak berehala sartuko dira indarrean baina beste batzuk, hobekuntza ekonomikoak, kasu, lizitazio berriaren esleipenarekin sartuko dira indarrean. Dena dela, bihartik aurrera zabalik egongo da liburutegia, ohiko eskaintzarekin.
229. greba eguna. IRABAZI DUGU!!!! 7 hilabeteko grebari esker, @tabakalera-n baldintza duinak bermatuko dizkigun akordioa lortu dugu!
— Bitartekariak Martxan! (@bitartekariakM) August 7, 2019
229° día de huelga. ¡¡¡HEMOS GANADO!!! Tras 7 meses de huelga, hemos conseguido un acuerdo que nos garanatizará condiciones dignas en @tabakalera pic.twitter.com/F3UJNdEqdm