Euskal Errepublika aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute, Aste Nagusia piztu aurretik
Larunbatean hasiko da Aste Nagusia, eta jaiei hasiera emango dien txupina piztu aurretik, mobilizazio politikoa egingo dute, Euskal Errepublikaren alde. EH Bilduk deituta, 17:00etan abiatuko da “kalejira-manifestazioa” Artzain Onetik, Gora goaz. Euskal Errepublikarantz! lelopean. Talde politikoak “berdintasunean oinarritutako Euskal Errepublikan bizitzea amesten duten guztiei” mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete.
Aste Nagusia hasi aurreko mobilizazioa ohitura bihurtu da hirian, eta indar subiranistak nabarmendu du «udako eta jai giroan gauden arren, EH Bilduren komunitate zabala ordezkatzen dugun herritarrok” ez dituztela euren aldarrikapenak alboratzen. Manifestazioaren helburua izango da aukera berdintasunean oinarritutako Euskal Herri “burujabe, aurreratu eta moderno batean” bizitzeko nahia aldarrikatzea. Estitxu Elduaien EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideak protestaren aurkezpenean adierazi zuen Euskal Errepublika eratzeko lanean ari direla etengabe, “bakoitza bere esparruan”.
«Oraindik ere gure ametsa gauzateko bidea geratzen zaigun arren, azken urteetako, eta, batez ere azken hilabeetako joerak agerian uzten du gure ametsa gero eta gertuago daukagula», adierazi zuten aurkezpenean; horretarako, azken hilabeteetako hauteskundeetan ezkerreko indar subiranistek lortutako emaitza onak nabarmendu zituzten. Era berean, Espainiara begira jarrita, ERC eta EH Bilduren artean sortutako elkarlana «erabakigarria» izan dela baieztatu zuten. «Gu gorantz egiten ari garen bitartean, Espainiako Estatua egiturazko krisi sakon batean murgilduta dago», gaineratu zuten. Horrekin lotuta dago mobilizazioaren leloa.