Moraza kaleko eraikina "ahalik eta epe motzenean" desalojatu nahi dutela esan du Eneko Goiak
Donostiako Udala eraso sexisten aurka lelodun pankartaren atzean elkarretaratze isila egin dute gaur goizean udaleko ordezkariek, astelehenean salatutako sexu erasoa gaitzesteko. Txaloekin amaitu da agerraldia, eta han izan dira ere Maite Peña eta Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak. “Udal honek eraso sexista baten salaketa jasotzen duenean, egoera horien aurrean gaitzespenik irmoena erakusteko keinua egiten du, eta gaur ere horrela egin dugu”, adierazi du Eneko Goia alkateak. Halaber, kontzientziazioaren garrantzia nabarmendu du, “gure hirian behin betiko horrelako erasoak amaitzeko”.
Salatutako sexu erasoaren inguruan adierazi du “hedabideetan atera den informazioa baino gehiago” ez duela berak, eta orain epaileari dagokiola “egin beharrekoa” egitea. Berria hedabideak gaur argitaratu duenez, atxilotuak epailearen aurrean deklaratu zuen, atzo, eta deklarazioarekin jarraituko du gaur. Aste Nagusiaren atarian, sentsibilizazioaren garrantzia nabarmendu du alkateak, eta jakinarazi du bihar aurkeztuko dutela jaietarako udalak prestatu duen eraso sexisten aurkako kanpaina, festak “normaltasunez” iragan daitezen.
Hainbat hedabidek zabaldutakoaren arabera, sexu erasoa Moraza kalean okupatutako etxebizitza batean gertatu zen. Alkateak azaldu du etxe horren kasua “konplexua” dela. Hainbat bizilagunek aurkeztutako kexen jakitun direla, baina eraikina jabego pribatukoa izanik egoera zaila dela adierazi du. “Bizilagunen kexengatik oso arduratuta gaude, eta horregatik, hainbat inspekzio lan egin izan dira, eraikinaren osasungarritasunik eza ikertzeko”, gaineratu du. Kasuaren inguruan espediente bat zabalik dago, eta honakoa esan du alkateak: “Behin baino gehiagotan eskatu diegu jabeei neurriak hartzeko, eta badakigu jabegoak epaileari etxea desalojatzeko eskaera egin diola”. “Hala ere, egoera konplexua da, jabegoaren zati bat desagertuta dagoelako”, aitortu du Goiak.
Gaineratu du Donostiako Udala epailearen aginduaren zain dagoela, etxearen desalojoa gauzatzeko, eta gaineratu du epailearen agindua jaso ezean, udalak ezin duela ezer egin. “Epaileak agindua ahalik eta epe laburrenean ematea espero dut. Hori gertatzean, zalantzarik gabe, udalak egin beharrekoa egingo du, eta eraikin hori hustu egingo du”.
Donostiako mugimendu feministak ere elkarretaratzera deitu du gaurko, sexu erasoa gaitzetsi eta salatzeko. Protesta Bulebarrean izango da, 19:00etan. Donostiako Asanblada Feministak irakurketa bat plazaratu du azken eraso sexisten harira.