Zezenketen aurkako manifestazioa egingo dute Aste Nagusian
Azken urteetan Aste Nagusiaren hasierako larunbatean egin izan dute zezenketen aurkako manifestazioa, baina, aurten, abuztuaren 14an egingo dute, hain zuzen, Illunbeko zezenketak hasten diren egunean. Hala azaldu dute gaur goizean Donostia Antitaurina Orainek, Askekintzak eta Eguzkik, Alderdi Ederren egin duten agerraldian. Martxa 18:00etan hasiko da Bulebarrean, eta Sarriegi plazan amaituko da. Gaur goizeko agerraldian elkartutakoek “donostiarren gehiengoaren nahia ez errespetatzea” aurpegiratu diote Eneko Goia alkateari. 2017ko Hiritarren Pertzepzio Inkestaren arabera, Donostiako hiritarren %71 zezenketak egiteko baliabide publikoak erabiltzearen aurka daude. Illunbe udal instalazio bat da, eta, horregatik, “bere hitza haustea” egotzi diote alkateari.
Manifestazioaren helburua da zezenketak eta zezenketen bultzatzaileak salatzea, eta “bereziki Goia alkatea eta udal gobernua”. “Guztiz faltsua da zezenketak ekimen pribatu hutsaren fruitu direla. Are gehiago, udalak espresuki ematen dion sostengurik gabe, zezenketak aspaldi iraganaren kontu bat izango lirateke Donostian”, adierazi du Itziar Alonso Askekintzako bozeramaileak. Tradizioaren eta dibertsioaren izenean urtero bi dozena zezen “sarraskitzea” kritikatu dute zezenketen aurkako taldeek: “Ez gaude hori isilik pasatzen uzteko prest. Ez gaude onartzeko prest hori gure kulturaren parte dela”. Askekintza taldeak manifestazioan “bloke antiespezista” osatuko duela iragarri du. Honela azaldu dute sare sozialetan: “Zezenketak indarkeria espezistaren izebergaren punta baino ez direnez, sistema espezista osoaren aurkako blokea ere osatuko dugu aurten, eta Animalien Askapena aldarrikatzera gonbidatzen zaituztegu gurekin batera”.
Zezenketak eten egin zituzten 2011-2015 legegintzaldian, alkatetza EH Bilduren eskuetan zegoenean. Araudian aldaketa bat egin zuten, eta Illunbe beste erabilera batzuetara bideratu. 2015ean EAJ eta PSEk gobernua osatzean, zezenketak berreskuratu zituzten. Gogor kritikatu du Alonsok aldaketa: “Goiaren udal gobernuak zezenketak berrezarri zituen. Horren ondorioz, aurreko legealdia Illunben zezenak hiltzen hasi zen, eta, zoritxarrez, legealdi berria ere horrelaxe hasiko da, alkateak eman zuen hitza jan duelako”.