Kontxako Banderaren araudia "ahalik eta azkarren" aldatzea proposatu du Elkarrekin Donostiak
Izaro Lestayo Getariako Arraun Elkarteko patroiaren kasuak hautsak harrotu ditu azken egunetan. Kontxako Banderaren araudia dela eta, Lestayok ezin izango du Getariako traineruarekin parte hartu. Elkarrekin Donostiak Kontxako Banderan “gizonezko traineru bat zuzentzen duen emakumezko patroiarekiko diskriminazioa konpontzeko” eskatu du gaur, ohar baten bitartez.
Aitzole Araneta udal taldeko bozeramailearen ustez, gaur egungo araudiak emakumezko ontzietan emakumezko patroiak soilik, eta gizonezkoenetan gizonezko patroiak bakarrik egotea “mugatzen” du, eta hori “ahalik eta azkarren” aldatzea proposatu du. Abuztuaren 29an izango da Kontxako Banderako sailkapen estropada, eta irailaren 1ean eta 9an, lehen eta bigarren igandeko jardunaldiak. “Gelditzen den denbora ikusita, azkarrena aipamen txiki hori aldatzea litzateke, garaiz iritsi ahal izateko eta ontzi guztiek aukera berdintasunean parte hartzeko aukera izan dezaten”, baieztatu du Añorgakoak.
Elkarrekin Donostiak jakinarazi du Aranetak idatzi bat bidali diola Kultura, Euskara eta Jaietako zinegotziari, Jon Insaustiri, eta Donostia Kulturako zuzendaritzari. Idatzian gatazka konpontzeko nola jokatuko duten galdetu du.
“Ez da soilik Donostiari eta Kontxako Banderari eragiten dien gai bat; izan ere, TKE ligan emakume patroi batek ezingo luke gizonezkoz osatutako ontzi batean parte hartu, bai, ordea, KAE-n”, azaldu du Aranetak. Euskadiko Arraunketa Federazioko estropada-kodearen 18. artikuluak patroientzako adin eta sexu murrizketarik ez dagoela azpimarratzen duela jakinarazi du, eta nabarmendu du patroiak direla direla ontziak zuzentzeko eta estrategia lehiakorrak aplikatzeko ardura dutenak. Horregatik, Añorgakoaren ustez “gizonen eta emakumeen arteko indar lehergarritasuneko desberdintasunak” ez du eraginik probaren emaitza hobean. “Lan horretan pertsonak duen trebezia da, sexua edozein dela ere, funtsezkoa dena”, gaineratu du.
Azkenik, zinegotziak adierazi du gertakari hau “eztabaida zabalago” baten parte dela. Honela azaldu du: “Emakumeak hainbat esparrutan leku berrietara iristen ari dira, eta gizartean eta erakundeetan errealitate berri horiek barneratzeko egin beharreko planteamenduetan dago gakoa”.