Hamalau film hautatu dituzte Zinemaldiko Nest Film Students sailerako
XVIII. Nest Film Students lehiaketa egingo dute aurten 67. Zinemaldiaren barruan, eta, hamalau film labur aukeratu dituzte, 46 herrialdetako 186 eskolek aurkeztutako 373 lanen artean. Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak antolatutako topaketak, mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutarazteko helburua du. Aurten, irailaren 23tik 27ra euren film laburrak erakutsiko dituzte gazteek, eta jaialdian parte hartuko duten zinemagintzako “profesional handien” eskutik eskolak jasotzeko aukera izango dute. Ikusleek, ikasleek eta profesionalek Tabakalerako zinema-aretoan ikusi eta iruzkinduko dituzte hautatutako film laburrak.
Zinema-ikasleen nazioarteko topaketarako herrialde hauetako film laburrak hautatu dituzte: Alemania, Argentina, Belgika, Txile, AEBak, Espainia, Frantzia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika eta Errusia. Zifra horiek aditzera ematen dutenez, urtebetean %34 hazi da eskola parte-hartzaileen kopurua, eta %22, aldiz, jasotako film laburrena.
Zinemaldiko sail gazteeneko film laburrek askotariko gaiak jorratzen dituzte, antolatzaileen arabera, “mundu osoko zinemagileen kezka garaikideak”, hain zuzen. Besteak beste, identitateari, maitasunari, lanari, etorkizunari, desirari, indarkeriari eta zalantza existentzialei buruzko istorioak jorratzen dituzte ikus-entzunezko lanek. Hala ere, antolatzaileek gai orokor bat nabarmendu dute: familia. “Aurtengo Nest sailean hainbat lan zeharkatzen dituen gaia da”, azaldu dute.
Honakoak dira aukeratutako hamalau lanak:
-
Adults, Zhenya Kryukova (Errusia)
- Beneze /At Ease, Vinicius Girnys (Frantzia)
- Chiyo, Chiemi Shimada (Erresuma Batua – Japonia)
- Drifting, Hanxiong Bo (AEBak – Txina)
- Em caso do fogo /In case of fire, Tomas Paula Marques (Portugal)
- Fiebre Austral / Austral Fever, Thomas Woodroffe Silva (Txile)
- Freischwimmer / Learn to swim, Gaya Von Schawarze
- Greata (Nausea), Gerard Gil eta Jana Juberts (Katalunia)
- HRA / Playing, Lun Sevnik (Txekiar Errepublika)
- I was still there when you left me, Marie Mc Court (Belgika)
- La enorme presencia de los muertos, Jose Maria Aviles (Ekuador)
- Maternite, Natalia Ilchuk (Frantzia)
- Morgen / Tomorrow, Bo Vloors (Belgika)
- Un sombra oscilante, Celeste Rojas Mugica (Argentina)
Lehenengo aldiz, Donostiako Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) aurkeztutako lan bat sartu da aukeran: La enorme presencia de los muertos film laburra. Zinemaldia, Tabakalera eta Euskadiko Filmategia partaide dituen erakunde horretatik dator lana, eta Jose Maria Avilesek (Cuenca, Ekuador, 1988) sortu du, zinema-ikasketak osatzeko Donostiako eskolan Sorkuntzako graduondoa egiten ari den ikasleak.
Nest Film Students saileko film labur onenaren saria zein izango den aukeratuko duen epaimahaia lehiaketan parte hartzen duten eskoletako ikasleek osatuko dute, eta presidentea izango da Martin Rejtman zuzendari argentinarra. Elkarrekin erabakiko dute irabazlea, eta aurtengo sariaren diru kopurua (10.000 euro) bikoiztu egin dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Rejtmanek lan nabarmenak egin ditu, besteak beste, Made in Spanish sailean proiektatu zen Silvia Prieto (1999) eta Los guantes magicos (2003); azkena Argentinako film onenaren FIPRESCI sariaren irabazlea izan zen, eta Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean parte hartu zuen.