Jonpa Albisu euskaltzalea eta 'Berria'-ko langilea hil da
Bart zendu da Jonpa Albisu (Donostia, 1965), Berriako erredakzioko idazkaria eta euskaltzalea. Euskaldunon Egunkariako langilea izan zen, eta Donostiako herri mugimenduetan ezaguna. Minbiziak jota hil da Albisu, Berriak jakinarazi duenez. Amara Berrin bizi zen arren, Parte Zaharrean egiten zuen bizitza. Zorroagako beilatokian jarriko dute hil kapera.
Euskaltzaletasunari eta herrigintzari lotuta egon zen beti, eta Parte Zaharreko Arrano Beltza elkarteko sustatzaileetako bat izan zen. Josu Esnal kidea hil zenean, Albisuri egindako elkarrizketa batean iraileko Euskal Jaiaren ospakizuna berreskuratzeko egindako lanari buruz mintzo zen bera: “Lan handia egin genuen Parte Zaharreko herri-aldarrikapenak aurrera eramateko, haien artean, Euskal Jaia berreskuratzeko, Inaxio Agirre eta beste zenbait auzotarrekin batera”.
“Langile nekaezina” zela nabarmendu du Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak, beti “bigarren lerroan” gelditzen den horietako bat. Albisuren “efizientzia eta pazientzia” ere aipatu ditu: “Gauzak nola egin, lortu edo konpondu ez genekienean, harengana jotzen genuen”. Feli Barrenetxea lehengusinak Berrian egindako adierazpenen arabera, “denbora asko zuen, baina berarentzat gutxi”. Gaineratu du beti ari zela zerbait antolatzen, eta gazteak asko zaintzen zituela.