Lehertu da Aste Nagusi Pirata!
Mattik irakurri du Aste Nagusi Pirataren hasierako pregoia kaian, eta Ezkila kapitainak botatako txupinarekin lehertu da jaia. Irudi bilduma bat osatu dugu unerik onenekin.
Aste Nagusi Piratari hasiera ematen dion txupina bota dute Ezkila kapitainak eta Mattik. Aurten, Donostiako gaztetxeek (Letaman gaztetxea, Txantxarreka gaztetxea, Kijera gaztetxea eta Añorgako gaztetxea) ordezkatu dute Matti pertsonaia, eta Traganarrua kofradiak irudikatu du Ezkila. Intxaurrondon abiatu da txupinazoaren ohiko “kalejira pirata”, eta kofradia guztiak bidean batzen joan zaizkio, txarangaren doinuak girotuta. Kaian, Mollaerdian, Ezkilari ongi etorria egin diote piratek, izan ere, itsasotik heldu da urtero bezala, kofradia bakoitzeko ordezkari batek osatutako traineruan. Kaian, pregoia irakurri dute lau gaztetxeetako ordezkariek oholtza gainean, eta txupina lehertzearekin batera, lehertu da baita ere Aste Nagusi Pirata.
Aurtengo pregoian, iraganean hirian egondako gune autogestionatuak ekarri ditu gogora Mattik, hala nola, Zapatari, Dutxen etxea, Loiolako gaztetxea, Kortxoenea, Amets-enea eta Uxotegi. Era berean, hiriko gainerako gune autogesionatuen lana nabarmendu dute, eta elkartasuna adierazi dute desalojo arriskuan dagoen Errotxapeako Gaztetxearekiko. “Noria bezala etengabe biraka dabilen zapalkuntzaren Donostian bizi gara, eta hiri honetan piratak gara”, adierazi dute. Gaztetxeek egiten duten lana aldarrikatu dute: “Kolektiboan gazteak saretzen ditugu Añorgan, elkartasunez jokatzen dugu Txantxarreka auzoko haur eta migratzaileekin hartu-emanean antolatuz, autogesioaren bidez ezinezkoak eraikitzen ditugu Letamanen, eta erresistentziak elkar babesten dugu Kijera”.
Gainera, “eraso sexistarik ez egitera” gonbidatu dituzte piratak, baita “horiei autodefentsa feministaz” erantzutera ere. Azkenik, parrandan langileak errespetuz tratatzera, eta gune autogestionatu eta jai herrikoietan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei.
Aste luzea dute piratek aurretik, baita jardueraz betetako egitaraua ere. Gaur, eguna amaitzeko, hiru kontzertu izango dira, piraten hiru gune nagusietan: Righteous Way Sound System entzuteko aukera egongo da Kaimingaintxo plazan (iaz Flamenka zegoen lekuan), Ezten Giro erromeriak joko du Flamenka berrian, eta Trinitate plazan Iker Lauroba eta & Beste urtaroak izango dira.
Egitarau oparoa prestatu dute Donostiako Piratek Aste Nagusi Piratarako. Egun bakoitzeko programak jaso ditugu, egunez egun.