Txistularien Alardeak aurten ere ez du hutsik egin
Ohi bezala, Aste Nagusiko lehenengo egunak Konstituzio plazan elkartu ditu txistulariak eta txistulari zaleak. Jose Ignacio Ansorenaren gidaritzapean, Txistularien Alardeak hainbat protagonista ezagun izan ditu aurtengo emankizunean. Gainera, bandak zenbait pieza famatu jo ditu.
Jendez bete da Konstituzio plaza 20:30etan txistularien emanaldia ikusteko. Eskola-Gurutziaga abesbatzarekin batera, Haizea Muñoz eta Iosu Yeregi abeslariek bi pieza kantatu dituzte Victoriano Iraola idazlearen omenez. Lezoko eta Ziekoko dantzariak oholtza gainean aritu dira hainbat dantza herrikoi eskainiz. Beste gonbidatu batzuk ere igo dira oholtzara, besteak beste, Leire Retegi txistularia eta Katerin Artola dantzaria.