Udalak Gros Pirata eguneko festa debekatu duela salatu dute
Groseko Piratek mezu batean salatu dutenez, asteartean, abuztuaren 13an, Zabaleta kalean egin behar zuten festa egiteko baimenik ez du eman Donostiako Udalak. Udalak babesten duen jai eredua kritikatu dute, jaietako jarduera batzuk beste batzuen gainetik jartzen dituztelako.
Honela azaldu dute oharrean: “Lekurik ez da falta enpresa pribatuentzat Donostian; arazorik ez emakumea objektu bilakatu, espazio ilunak eraiki edota nagusiki giro erdalduna sustatzen duten Sagues, Kursaal edo eta Kataluniako ekitaldiekin, kexarik ez kale zein hondartzak turistei saltzen dizkietenean. Baina Groseko piratak batu eta auzotik eta auzoarentzat, auzolanean, jai bat antolatzen dugunean, komunitatea landu eta saretzen garenean, jai euskaldun bat proposatzen dugunean, gune seguru bat eraikitzen dugunean…. Ez! Udaletxearentzat, hori ezin da!”.
Gros Pirata eguna egingo dute Ubarroiak kofradiakoek asteartean, eta Zipotz Jaietan egin bezala, egunari amaiera emateko festa bat zuten antolatuta Zabaleta kalean. Debekuari erantzunez piratak direla aldarrikatu dute Grosekoek: “Jaia da gure itsasoa, parte hartzea gure lema, desobedientzia bandera eta umorea gure bizipoza”. Asteartean, abuztuaren 13an, 20:00etan Zabaleta kalera joateko deia egin dute.