Elkarretaratzera deitu dute Ategorrietan gertatutako eraso sexista bat salatzeko
Donostiako Udalak emakume batek ostiralean jasandako “eraso saiakera”-ren berri eman du. Jakinarazitakoaren arabera, erasotako emakumea Ategorrieta hiribidetik zihoan beste batekin, eta mozkortutako gizon batek ukituak egiteko saiakera egin zuen. Gizona ukituak egitera iritsi ez zelako “eraso saiakera” gisa izendatu du gertakaria udalak. Salaketa egin ostean, Ertzaintzak gizona eraman zuen, eta aske dago dagoeneko.
Erasoa Aste Nagusia hasi baino ordu batzuk lehenago gertatu zenez, udalak ez du jaien barruko erasotzat jo. Azaldu dute, oraingoz, ez dela gisa horretako salaketarik izan festetan.
Donostiako Udaleko Bozeramaileen batzordeak “erabat” gaitzetsi du “eraso saiakera”, “emakumezkoen askatasuna eta duintasuna gutxiesten dituen jarrera matxista baten adierazgarri” delako. Horregatik, gizarte osoari dei egin dio edozein eskubide urraketen aurrean erne egoteko, “bereziki emakumezkoek jasaten dituztenen aurrean, denok aske bizitzeko aukera izan dezagun”. Era berean, azpimarratu dute “ezinbestekoa” dela lanean jarraitzea, gizartearekin eta hiriko giza eragileekin batera, “balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde”.
Halaber, Donostiako Piratek eta Donostiako Asanblada Feministak elkarretaratzera deitu du gaurko, “Aste Nagusiari hasiera eman dion sexu erasoa salatzeko”. Bulebarrean egingo dute protesta, 19:00etan.