Ostiraleko eraso sexista salatzeko elkarretaratzea egin dute Bulebarrean
Donostiako Piratek eta Asanblada Feministak deituta, hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute Bulebarrean, ostiralean Ategorrietan gertatutako eraso sexista salatu eta emakume* gisa libre eta beldurrik gabe bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko.
Donostiako Udalak atzo eman zuen erasoaren berri. Jakinarazitakoaren arabera, erasotako emakumea Ategorrieta hiribidetik zihoan beste batekin, eta mozkortutako gizon batek ukituak egiteko saiakera egin zuen. Gizona ukituak egitera iritsi ez zelako, udalak “eraso saiakera” gisa izendatu du gertakaria.
Horregatik eta erasoa Aste Nagusitik kanpo gertatu zela nabarmentzeagatik, udalaren jarrera salatu dute gaurko protestan: “Eraso hau Aste Nagusiaren atarian gertatu izanak ez dio erasoaren larritasunari garrantzirik kentzen. Eraso sexista bat izan da hiri honetan eta berdin inporta zaigu”.
Era berean, borrokan eta autodefentsa feminista praktikatzen jarraituko dutela azpimarratuz, larunbatean egingo den gaueko manifestazioan parte hartzeko deia egin diete “trans, bollera eta emakume guztiei”.