Eraso sexistak gaitzetsi eta udalari konpromiso handiagoa eskatu diote Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk
Azken 24 orduetan salatutako eraso sexistak gaitzetsi dituzte Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk. Bart Donostiako Piraten gunean sei eraso sexista gertatu zirela salatu dute gaur eguerdian. Udalak, era berean, gaur goizaldera jazotako beste eraso baten berri eman du.
Ohar banatan erasoak gaitzetsi dituzte Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk. Halaber, udalari eraso sexisten aurkako borrokan konpromiso handiagoa eta erasoei erantzun egokiagoa ematea eskatu diote koalizioek.
Elkarrekin Donostiak udalari jarrita duen informazio gunearen ordutegia luzatzeko eskatu dio: “puntu morea udalak bermatu beharreko zerbitzu publikoa izan behar da, ordutegi zabalekoa, emakumeei babesa eta informazioa emateko”. EH Bilduk udalak egiten ez duen lana Donostiako Piratek egin behar izan dutela gaineratu du: “Piratek eraso matxistak salatzeko ezartzen duten Puntu Moreak askoz ordutegi egokiagoa du Udalak ezartzen duen Stand-ak baino”.
Erasoei emandako erantzunari dagokionez, EH Bilduk nabarmendu du udal gobernuak “ezin duela beste aldera begiratu, edo dagokion erantzukizuna ekiditen saiatu”. Donostiako Piratek gaurko egitaraua bertan behera geratzeko hartutako erabakiak udalari “bidea erakutsi” dio, oharrean azpimarratu dutenez: “Erasoen tamainako erantzuna eman behar du udalak, argi geratzen da ezin dela 5 minutuko kontzentrazio bat baino izan”.
Udala indarkeria matxistaren aurkako borrokan “atzean geratzen ari direla” salatu du EH Bilduk: “Udal gobernuak ez du bere lehentasunen artean indarkeria matxistaren aurkako borroka. Eneko Goiaren lehentasunak, bistan denez, beste batzuk dira”. Indarkeria matxistaren arazoa “lehen mailakoa” dela azpimarratu dute: “Egiturazko neurriak hartu behar dira”.