Erasotzailerik gabeko jai libreak aldarrikatu dituzte Donostiako kaleetan
Donostiako Piratek deituta, milaka herritarrek protesta egin dute gaur Donostian azken orduetan gertaturiko eraso matxistak salatzeko. 24 orduko epean, hamaika erasoren berri izan dute.
Donostiako Piratek gutxienez 11 eraso sexistaren berri izan dute azken orduetan. Horregatik, jaia eten eta protesta egitea erabaki dute. Jai gune guztiak itxi dituzte eta manifestazioa egin dute Bulebarretik abiatuta, Erasotzaileak, zuen jaia amaitu da zioen pankartarekin. Ordu gutxiko tartearekin prestatu dute protesta, eta, halere, jendetza izugarria bildu da. Emakume, trans eta bollerek hartu dute manifestazioaren burua, milaka herritarrengatik jarraituta.
Protestak Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleak zeharkatu ditu, kaira iritsi arte. Ibilbidean, autodefentsa feministaren eta erasotzailerik gabeko jai libreen aldeko oihuak bota dituzte, besteak beste. Portaletan, berriz, Armatuak gaude dion pankarta erraldoia zabaldu dute, inguruan bildutako manifestarien txaloen artean.
Manifestazioaren bukaeran irakurri duten oharra:
Azken orduetan salatutako eraso ugarien ondorioz, piratok jaia eten eta elkarrekin erantzun dugu. Atzo, 24 ordu baino gutxiagoan, Donostiako Piratok 6 eraso sexistaren berri izan genuen, horiei aurre egiteko ditugun baliabideetan. Hasiera batean bi bortxaketa salatu zizkiguten, eta protokoloaren aktibazioa eman genuen unetik erasoak bata bestearen atzetik etortzen hasi ziren. Une honetan, badakigu guztira 11 salaketa izan direla, gutxienez, Donostian zehar azken orduetan. Eraso horietako batzuk gure gunean bertan gertatu dira, eta gure artean dabilen jendeak burutu ditu. Egoerak gainezka egin zigun atzo eta ez dugu halako beste egun eta gau bat jasateko indarrik. Horregatik, egun osoko egitaraua bertan behera utzi, eta eraso horiei elkarrekin aurre egitea erabaki dugu. Festetan parte hartzen duten %50aren segurtasuna eta askatasuna bermatu ezin bada, ez dago festarik. Beraz, neurri bereziak hartu ditugu bihartik Aurrera ezartzeko; izan ere, gure espazioa emakumeentzako gune segurua izan dadin nahi dugu.
Salatu nahi dugu Udalak eskaintzen dituen baliabideak ez direla egokiak erasoak jasaten dituzten emakumeek gertatutakoa salatzeko; izan ere, berbiktimizatu egiten dituzte, eta euren hitza ezbaian jartzen duten. Horregatik jotzen dute emakume askok Donostiako Piraton Puntu Morera. Gainera, argi ikusi dugu ez ertzaintza, ez udaltzaingoa eta ezta osakidetza ere ez daudela prest biktimei inolako babesa emateko, ez daukatela inongo sentsibilitaterik halako gaiak tratatzeko. Guk jarraituko dugu emakumeak artatzen, baina Udalari exijitzen diogu bere erantzukizuna har dezan, baliabide gehiago eskainiz eta zerbitzuak emakumeen behar errealetara egokituz.
Bestalde, komisaldegian ikusi ditugun prebentzioko panfletoak salatu nahi ditugu, erasotzaileei aurre egin beharrean biktima potentzialoi kontuz ibiltzea diotenak. Gure edariak zaindu behar izatea, gure burua, adiskideena, gauez bakarrik ez ibiltzea… Emakumearen gain uzten dute ardura guztia, beregain erantzukizuna, erakundeen ustetan aske ibili ezin garenak gu gara, erasotzaileak beharrean. Leku seguruena etxea al da?
Ba ez gara etxean geratuko. Gauak gureak ere badira, eta etxera bidean libre izan nahi dugu, ez ausart. Borrokan jarraituko dugu. Feminismoz armatuta gaude, eta aurrean izango gaituzue. Erasotzaileak, zuen jaia amaitu da! Emakume* piratok autodefentsa feminista! Gora borroka feminista! Gora jai askeak! Gora emakumeen bizitzak!