Erraldoiek eta buruhandiek Loiolako Erribera girotu dute
Itzurun konpartsako erraldoi eta buruhandiak Bartzelona hiribidean gora eta behera ibili dira gaur arratsaldean. Aste Nagusian zehar Amara Berri eta Loiolako Erribera inguruan antolatu den jardueretako bat izan da honakoa eta jende ugari ibili da. Batez ere haurrak eta helduak egon badira ere gazte mordoxkak parte hartu du, erraldoi eta buruhandi gisa, batez ere.
Amara Berriko auzo elkartearen ekimenez Aste Nagusiko hainbat jarduera hiriaren erdigunetik atera eta Amara Berri ingurura ekarri dituzte, jaia hiri guztira zabaltzeko asmoz. Arrakasta izaten dute auzoetan antolatzen diren ekintzek, erraldoiekin eta buruhandiekin batera ibili den jende andana horren erakusgarri.