"Gutako erdion segurtasuna ezin dugunez bermatu, jaiak bertan behera uztea erabaki dugu"
Piratek bertan behera utzi dute gaurko egitaraua, sexu erasoengatik. Atzo, 24 orduren barruan, sei erasoren berri izan zutela azaldu dute.
Azken 24 orduan, beraien gunean, sei eraso sexista gertatu direla salatu dute Donostiako Piratek. Lehenik, bi bortxaketa-salaketa jaso zituzten eta hauei erantzuteko protokoloa martxan jarri zuten; ondoren, eraso gehiagoren berri izan zutela adierazi dute. Erasook piraten gunean gertatu zirela azpimarratu dute: “gure artean dabilen jendeak burutu ditu. Egoerak gainezka egin zigun atzo, eta ez dugu horrelako beste egun eta gau bat jasateko indarrik”.
Gertatu diren eraso sexistak direla eta, gaurko jai egitaraua bertan behera utzi dute Donostiako Piratek. Beraien guneetan sei eraso izan dira. “Gutako erdion segurtasuna ezin dugunez bermatu, jaiak bertan behera uztea erabaki dugu”. Gaur, 19:00etan, manifestazioa egingo dute, Bulebarretik abiatuta, eraso horiek salatzeko.
Halaber, gaur goizaldean jazotako eraso baten berri eman du udalak. Bi emakume sorospen zentroan artatu behar izan dituzte bi gizonen erasoa pairatu ostean.
Hona hemen Donostiako Piraten irakurketa, osorik:
Atzo 24 ordu baino gutxiagoan 6 erasoren berri izan genuen Piratok hauei aurre egiteko ditugun baliabideetan. Hasiera batean bi bortxaketa salatu zizkiguten, eta protokoloaren aktibazioa eman genuen unetik erasoak bata bestearen atzetik etortzen hasi ziren. Eraso hauek gure gunean eman dira, gure artean dabilen jendeak burutu ditu. Egoerak gainezka egin zigun atzo eta ez dugu halako beste egun eta gau bat jasateko indarrik.
Gaur goizean premiazko Flamenkada baterako deialdia egin dugu, Piraton artean erabakitzeko zer egin eta zein neurri hartu ditzakegun egoera honi aurre egiteko. Festetan parte hartzen duten %50aren segurtasuna eta askatasuna bermatu ezin bada, ez dago festarik. Hortaz, gaurko egitaraua bertan behera uztea erabaki dugu. Ez ditugu horrelako festak nahi.
Gainera, atzo bai Ospitalera, bai Komisaldegira joaterakoan eta gunean bertan emandako beste eraso batengatik argi ikusi dugu ez ERTZAINTZA, EZ UDALTZAINGOA ETA EZTA OSAKIDETZA ERE ez daudela prest biktimei inolako babesa emateko, ez daukatela inongo sentsibilitaterik halako gaiak tratatzeko eta biktima salduta geratzen dela egoera hauen aurrean, emozionalki eta baliabide materialei dagokienez. Erakundeetatik salaketa judizialera bultzatu nahi izaten badituzte biktimak ere, errealitate bat da salaketa horren nondik norakoek ez diotela biktimari behar duen harrera egiten eta ez dutela biktima babesten. Atzoko prozesuak ikusita edonori kenduko litzaizkioke salaketa aurrera eramateko gogoa.
Bestalde, komisaldegian ikusi ditugun prebentzioko panfletoak salatu nahi ditugu, erasotzaileei aurre egin beharrean biktima potentzialoi kontuz ibiltzeko diotenak. Gure edariak zaindu behar izatea, gure burua, adiskideena, gauez bakarrik ez ibiltzea… Emakumearen gain uzten dute ardura guztia, beregain erantzukizuna, erakundeen ustetan aske ibili ezin garenak gu gara, erasotzaileak beharrean. Leku seguruena etxea al da?
Ba ez gara etxean geratuko. Gauak gureak ere badira, eta etxera bidean libre izan nahi dugu, ez ausart. Borrokan jarraituko dugu, baina bart gaueko egoera ikusita ezin baldin bagara aske eta seguru sentitu gaurko gunearen itxiera beharrezkoa deritzogu. Nolabait ere indarrak hartu behar ditugu, eta honi aurre egiteko hausnarketa bat egin beharrean gaude festak beharko luketen norabidea hartzeko. Gaur 19:00etan Bulebarretik abiatuko den manifestaziorako deialdia luzatzen dugu. Armatuta gaude eta aurrean izango gaituzue. Gora autodefentsa feminista!