Udalak Aste Nagusiko hamaiketakoa egin du goizean hiriko hainbat eragilerekin
Urtero bezala, udal ordezkariek Aste Nagusiko hamaiketakoa egin dute gaur udalbatza aretoan, hiriko hainbat elkarte eta erakundeetako ordezkariekin. Ekitaldia “urte guztian gure hiria den bezalakoa izaten laguntzen dutenei” eskerrak emateko baliatu du alkateak, eta gaurko topaketa “neurri txiki batean” eragileek hiriari ematen diotena bueltatzeko dela azaldu du.
Hamaiketakoa hasi aurretik eginiko hitzartzean, Goiak goizaldean Okendo plazan gertaturiko eraso sexista ekarri du gogora: “Nahiago nuke elkarrekin egoteko aukera daukagun egun honetan halakorik egin behar ez izatea, baino errealitate bat da gure hirian horrelako gauzak gertatzen jarraitzen dutela, eta horren aurrean, behin berriro, argi eta garbi dagokigu esatea portaera horiek soberan daudela”.
Hala ere, Aste Nagusiaren erdialdera helduta, jaietako “giro aparta” nabarmendu du alkateak, kaleak jendez gainezka daudela eta eguraldi paregabea egiten duela azpimarratuz.