Zezenketen kontrako manifestazioa egin dute Donostian
Donostia Antitaurina Orain, Eguzki eta Askekintza taldeek deituta zezenketen aurkako manifestazioa egin dute gaur arratsaldean. Zezenketarik ez! lelopean Aste Nagusiko egitarauaren barnean Ilunben antolatzen dituzten zezenketak salatu dituzte ehunka lagunek.
Azken urteetan Aste Nagusiko festen lehenengo egunean egin izan dute zezenketen aurkako manifestazioa. Aurten ordea, gaur atera dira kalera zezenketak hasten diren egunarekin bat eginez. Gaurtik larunbatera bitartean egunero izango dira zezenketak Ilunben, horregatik bihar eta etzirako 17:00tan Ilunben elkarretaratzera deitu dute. Gainera, abuztuaren 17an, larunbatean, Bulebarrean ere tauromakia salatzeko deia egin dute.
Askekintza taldeak bloke antiespezista osatu du, eta “animaliak askatu, kapitala suntsitu” oihuekin animalien askapena aldarrikatu dute. Donostia Antitaurinako Juantxo Martinez bozeramaileak bestalde, udal gobernuaren jarrera salatu du, eta “haien borondatea, herriaren borondatearen gainetik” ezarri dutela adierazi du manifestazio amaieran.