Aste Nagusiko egitarauak: abuztuak 15, osteguna
Eguraldia:
Ostegun goizaldean eta goizeko lehen orduetan euri pixka bat egingo du, baina euri txikia izango da orokorrean. Goizak aurrera egin ahala hodeitza saretuz joango da, eta arratsaldean hodeiak eta ostarteak izango ditugu. Iparraldeko haizea ibiliko da egun osoan, biziago goizean, eta era horretan giroa asteazkenean baino freskoagoa izango da.
Jaiak:
Gaur Antiguan Aste Nagusiko II. Legatza Saltsa Berdean Lehiaketa egingo dute. Matia kalean ariko dira legatza goxoa prestatzen, 11:00etatik aurrera. Parte Zaharrean, Arkaitz Añorgako dantzariak ibiliko dira. Portutik aterako dira 12:00etan, eta emanaldi bat egingo dute 12:30ean, Konstituzio plazan. Gipuzkoa plazan, 15:00etatik 18:00etara, Donostia eta Irungo erraldoien erakusketa izango da ikusgai. Gauean, Alex Ubago abeslari donostiarra zuzenean ariko da Sagueseko oholtzan.
Atzo jaiak bertan behera utzi ondoren, gaur berhartuko dute jai egitaraua. Abordatze txikiarekin hasiko dute eguna. Haurrak izango dira protagonista, Pirata Bihurrien kofradiak prestatutako egitarau berezian. Arratsaldean, Bizifesta egingo dute Donostian zehar. Txantxarreka gaztetxetik abiatuta, Flamenkara joango dira bizikletaz, eta ondoren, Kijera gaztetxera eta Letamanera. Jaraneroen kofradiak mojiteroen festa prestatuko dute Kaimingaitxon. Gauean, Izaki Gardenak, Madeleine eta Grisesen kontzertuak izango dira Flamenkan.