Eraso sexisten aurkako protesta jendetsua egin dute gauean Parte Zaharrean
Atzo, Donostiako Piratek eta mugimendu feministak inoiz ez bezalako erantzuna eman zieten jaietan gertatutako erasoei, eguneko egitaraua bertan behera utziz eta manifestazio jendetsu bat deituta. Gauean, ehunka herritarrek protesta egin zuten Parte Zaharrean zehar, eta tentsioa eta talka uneak egon dira manifestariak Gaztelubide elkartera hurbildu direnean.
24 orduko epean, 11 erasoren berri izan zuten atzo Donostiako Piratek. Horren aurrean, jaiguneak itxi eta egun osoko egitaraua bertan behera uztea erabaki zuten goizean. Arratsaldean, berriz, milaka herritar mobilizatu zituen manifestazioa egin zuten hirian zehar, mugimendu feministarekin batera.
Gaua iritsita, piraten kofradia guztietako kideek giza katea egin zuten Flamenka eta Kaimingaintxo jaiguneen inguruan, gauean jairik ospatuko ez zutela adierazteko. Suak amaitzerakoan, kaitik igaro ziren herritarrak piraten ekimena txalotzen hasi ziren.
Kofradia guztietako kideek kaiko jaiguneak inguratu dituzte gizakatean, jaiak bertan behera geratu direla adierazteko
— Iñaki Agirre (@ikiagirre) August 14, 2019
Mugimenduan aurrekaririk ez duen erabakia hartu dute gaur Donostiako Piratek erasotzaileei aurre egiteko #ErasorikEzErantzunikGabe @irutxulo @izanpirata pic.twitter.com/Qysvlqrg1T
Gauerdi aldera, berriz, ehunka herritar Parte Zaharrean barrena joan ziren, eta Gaztelubide elkartearen ondoko eskaileretan biltzen hasi ziren, Santa Maria elizaren pareko plaza bete arte. Eneko Goia alkatea elkartearen abesbatzaren emanaldia ikusteko han zegoelako joan ziren horra. Hain zuzen, udalak gertatutako erasoen larritasunaren neurriko erantzunik eman ez duela ondorioztatu du mugimendu feministak, eta haserre agertu zen horregatik. Izan ere, Donostiako Piratek egun osoko egitaraua bertan behera utzi zuten bitartean, udalak egitarau ofizialeko ekitaldi guztiak mantendu zituen.
Abesbatzaren emanaldiak iraun bitartean, manifestariak oihuka eta zarata egiten aritu ziren, autodefentsa feminista aldarrikatuz. Tentsio eta talka uneak bizi ziren, Gaztelubideren emanaldia ikusten ari ziren hainbat herritar protestan ari zirenei oldartu zitzaizkielako. Manifestariek bultzadak, kolpeak eta irainak jasan zituzten.
Ekitaldia amaituta, manifestazioak Parte Zaharrean barrena jarraitu zuen, Ikatz eta Fermin Calbeton kaleak zeharkatuz. Ibilbide horretan, hainbat tabernak euren pertsianak jaitsi zituzten elkartasun keinu gisa.
Azkenean, protesta amaiturik, manifestazioan parte hartu zuten herritarrak Ikatz kalean bildu eta kantuan eta dantzan hasi ziren, amorruz beteriko egunari amaiera eder bat emateko asmoz.
Gaueko protestak utzitako irudiak bideo batean bildu ditu IRUTXULOKO HITZAk: