Azken orduetako eraso sexistak salatzeko elkarretaratzea egin dute Donostiako Piratek
Jaiak hasi zirenetik 12 eraso baino gehiago izan dira eta udalaren jarrera salatu dute Donostiako Piratek eta mugimendu feministak gertatutako eraso ugarien aurrean. “Esku artean egoera eutsiezina eta sinesgaitza” dutela esan dute.
19:00etan egin dute elkarretaratzea Bulebarrean. Eraso sexisten aurrean, autodefentsa feminista esaldia duen pankarta batekin ehunka pertsona elkartu dira. Azken ordu eta egunetan emandako eraso sexistak salatu dituzte. Udalaren jokaera ere gogora ekarri dute salaketa juridikorik gabeko erasoak ez dituztela publiko egiten kritikatuz.
Bi dei faltsu ere jaso dituzte azken egunotan Donostiako Piraten puntu moreko telefonora. Biak gizon taldeak direla aipatu dute, eta “katxondeoan” bortxatuak izan direla esanez deitu dute telefonora. Gainera, gaur arratsaldean ertzaintzak kide bat identifikatu du asteazkeneko manifestazioan zehar gertatu ziren istilu batzuengatik.
Gaur arratsaldean gainera, beste eraso bat gertatu da Kontxako hondartzan. Gizonezko batek eraso egin dio emakume bati sorosleen aldagelan arropaz aldatzen zegoela. Soroslea aldagelatik atera da lankideei laguntza eskatzen. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da. Donostiako Udalak bihar Alderdi Ederren 12:00etan egingo du elkarretaratzea, gauean eta astean zehar izandako eraso matxisten salaketen aurrean.