Kontxa hondartzako aldageletan emakume bati sexu erasoa egiten ahalegindu dira
Donostiako Udalak beste bi sexu erasoren berri eman du. Bi emakumeri baimenik gabe ukituak egin dizkiete bart.
Ertzaintza sexu eraso saiakera bat ikertzen ari da. Kontxa hondartzako aldageletan gertatu da. Arratsaldeko lehen orduan, hondartzako sorosle bati eraso egiten ahalegindu dira. Emakumeak aldagelatik irtetea lortu du, eta lankideei laguntza eskatu die oihuka. Erasotzaileak ihes egin du.
Donostiako Udalak beste bi sexu erasoren berri eman du. Bi emakumeri baimenik gabeko ukituak egin zizkieten, atzo, Donostiako Aste Nagusian. Erasoetako bat zezensuzkoan gertatu da, eta bestea 05:00etan, Egia auzoan.
Zezensuzkoetan erasotu duten emakumea adin txikikoa da. Gizonezko bat gerturatu zaio, bularrak ukitu dizkio eta ihes egin du. Inguruan zegoen peste pertsona bat erasoaren lekuko izan da, eta adin txikikoa lagundu egin du. Udaltzainengana jo dute, eta adin txikikoak salaketa jarri du.
Bigarren erasoa goizeko bostak aldera gertatu da, Egian. Gizonezko batek eraso egin dio emakume bati, eta ukituak egin dizkio. Biktimak oihu egin du, eta inguruan zebilen beste gizonezko bat hari laguntzera joan da. Orduan, erasotzaileak ihes egin du. Udalak esan du emakumeak ez duela salaketarik jarri nahi izan.
Donostiako Aste Nagusian, oraingoz, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak lau salaketa jaso dituztela esan du udalak.
Udal talde guztiek adierazpen bat adostu dute Donostian izan diren azken erasoen harira. Irmotasunez gaitzetsi dituzte eraso matxistak, eta hauen aurkako deialdiekin bat egin du.
Erasotzaile bat espetxeratu dute
Ertzaintzak 39 urteko gizon bat atxilotu zuen ostegunean, bortxaketa salaketa batengatik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez, asteartean, 03:00etan, izan zen erasoa. Epaileak atxilotua behin-behinean gaur espetxeratzea erabaki du, eta Martuteneko kartzelara eramango dute.