Eraso sexisten aurka saretzen ari dira
Bakoitza bere esparrutik, baina denak hari berari tiraka. Hala ari dira Zirgari Donostiako Piraten lantaldea, Donostiako Asanblada Feminista eta Donostiako Udala, eraso sexistarik gabeko jaiak eraikitzeko lanean.
Nekaezin dabil hiriko mugimendu feminista, emakumeen eta patriarkatuak baztertutako pertsona ororen aurkako erasoak deuseztatzeko borrokan. Ia astebete igaro da Aste Nagusia hasi zenetik, eta feministek askotan errepikatu dutenez, festen testuinguruan nabarmen gertatzen dira eraso sexistak; horien aurrean erantzuteko aliantzak josten ari dira feministak.
Donostiako Piratek duela urte asko jarri zuten martxan euren jai gunean eraso sexisten aurkako protokolo bat, eta mugimenduaren barruan lanketa hori kudeatzeaz arduratu diren bi lan talde egon dira: Talaia eta Zirgari. Duela bi urte hartu zion erreleboa Zirgarik Talaiari, eta aurten, gainera, Donostiako Asanblada Feministarekin batera aritu dira lanean. «Orain arte mugimendu feministak egiten zituen protesta deialdiak erasoren bat gertatzen bazen, baina, batzuetan, komunikazio arazoak sortzen ziren gure artean, eta ardurak bikoiztu egiten ziren. Aurten, modu naturalean sortu da gure arteko aliantza, eta saretuta indartsuagoak garela argi daukagu», baieztatu dute lan talde feministakoek.
Jai gunean eraso sexistak kudeatu eta erantzun sozial bat emateko irizpideak markatzen dituen protokoloa izan zen lehen neurria. Horrekin batera, erasoak salatu eta babesa eskatzeko 24 orduko telefonoa (677 183 340) jartzen dute martxan Aste Nagusi Pirataren egun guztietan zehar. Salaketak egiteko zirgari@donostiakopiratak.eus, idazteko aukera ere badago. «Duela bi urte telefonoaren txandan parte hartzen genuenok balorazio bilera batean ikusi genuen gaia beste modu batera jorratu behar genuela, eta telefonoaren aukera eskaintzea ez zela nahikoa», azaldu dute Zirgarikoek. Ordura arte erabiltzen zuten protokoloa berrikusi, eta beste herri batzuetakoekin alderatu ondoren, piraten jai guneetara moldatutako protokolo bat osatu zuten.
Puntu Morea ere lehen aldiz jarri zuten iaz, piraten jai guneetan eraso bat ikusi edo jasan duen edonork salaketa jarri eta laguntza jasotzeko gune segurua. Honela azaldu dute: «Udalak Bulebarrean jartzen duen informazio eta arreta karpa egunez bakarrik egoten da zabalik, eta gure jai gunean gauean zehar leku seguru bat jartzeko beharra identifikatu genuen».
Aurten Puntu Morearen ordutegia zabaltzea erabaki dute. Iaz, su artifizialak amaitzean irekitzen zuten, Flamenka gunea itxi arte, eta oraingoan, 20:00etara aurreratu dute irekiera ordua. «Iaz egondako eraso ugarien ondorioz, bilera asko egin behar izan genituen erantzun soziala antolatzeko, eta Puntu Morean biltzen ginen iluntzeetan. Zabalik izaten genuen atea, eta jende asko etorri zitzaigun ordu horretan», kontatu dute. Zirgarikoen ustez pertsona batzuei erosoagoa egiten zaie egun argiz eta parranda orduetatik kanpo puntura jotzea.
Erasorik gabeko Aste Nagusia izateko, denon konpromisoa eta ardura «ezinbestekoa» dela azpimarratu dute Zirgarikoek. Horregatik, ardura banatzeko, eta «emakumeen* arteko elkartasuna sustatzeko», besoko moreak banatu dituzte aurten. Puntu Morean daude eskuragarri, eta protokoloa ezagutzen duen emakume oro eraman dezake soinean. «Puntu Moretik harago elkartasuna eta gure arteko babesa praktikan jartzeko modu bat da. Aliatuen arteko sare moduko bat eraiki nahi dugu. Laguntza behar duen orok besokoa duten emakumeengana* eta Puntu Morera jo dezake», gaineratu dute.
Erasorik gabeko Aste Nagusia dute helburu, baina, baten bat gertatzekotan, ozen salatuko dutela argi daukate. «Erasoren bat salatzen denean hurrengo egunean elkarretaratzera deitzea erabaki dugu, 19:00etan Bulebarrean», jakinarazi dute.
Donostiako Udalak ere Aste Nagusiari eta hiriko hainbat jai garrantzitsuri begirako kanpaina jarri du martxan, Baietzik gabe, ezetz da! lelopean. Duñike Agirrezabalaga udaleko Berdintasun zinegotziak azaldu du kanpaina Berdintasun Saileko teknikariek diseinatzen dutela, Donostia Festak Sailarekin lankidetzan. Gainera, hainbat emakume-elkarterekin, ostalariekin eta saltokiekin, taxi zerbitzuetako arduradunekin, Dbusekin, Gazteria Sailarekin, Udaltzaingoarekin, Biktimen Arretarako Bulegoarekin eta hainbat kale-hezitzailerekin batera egiten dute lanketa. Taxilariei eta ostalaritzako establezimenduei, esaterako, eraso sexisten kasuan jarduteko protokoloak banatu dizkie udalak.
«Emakumeek inolako beldurrik gabe festaz gozatu ahal izatea nahi dugu. Beharrezkoa den guztietan berretsi behar dugu baietzik gabe, ezetz dela», adierazi du Agirrezabalagak. Kanpainan garrantzia handia eskaini diote prebentzioari: «Eraso sexista bat gertatzen denean egin beharrekoari buruzko irizpideak jaso ditugu hainbat materialetan, baina xede nagusia da erasorik ez gertatzea». Horretarako, sortutako materiala eta zabaldutako mezuen helburua da «erasotzaileei erasoak egiteko asmoa kentzea».
Kanpainaren inguruko informazioa zabaltzeko asmoz, karpa bat jarri dute Bretxa merkatuaren alboan. Aste Nagusiko egun guztietan dago irekita, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 22:30era. «Babesleku izatea nahi dugu, eraso sexistaren bat jasan edo ikusiz gero, hartara jotzeko. Udalak jarritako baliabide guztiei buruzko informazioa eta laguntza emango duten hezitzaileak daude han», esan du zinegotziak. Era berean, Aste Nagusian zehar banatzen ari diren eskuorrietan, neskentzat eta mutilentzat ohar berezituak idatzi dituzte, «bakoitzak dagokion lekutik jardun behar duelako».