Festa eta beste zer?
Aste Nagusian Aste Nagusi bat baino gehiago kabitzen da. Jaiak irauten duen artean lana ere ez da falta izaten, eta partaide bezainbat ertz ditu hiria hartzen duen festak. Sei lagunekin hitz egin dugu euren Aste Nagusia ezagutzeko, Aste Nagusiak festaz gain beste zer biltzen duen jakiteko. Jaiaz ikuspuntu desberdinak dituzte, eta askoz gehiago ere badira, ziur.
Aste Nagusia tradizio luzeko festa da Donostian. Askotariko jarduerak eta ekitaldiak antolatzen dira astebetean zehar. Zezenketekin abiatu omen ziren festak, XIX. mendearen amaieran. Denbora pasa da ordutik, eta eraldatu da jaia. Azken urteetan udalaren egitarauak eta Donostiako Piratek antolatutakoak osatzen dute Aste Nagusia. Festen hasiera ere bikoitza da: Artillera dale fuego abestu dute aurten kopa irabazi duten Realeko jokalariek eta hockey taldeko kideek udaletxe aurrean, eta kanoikada lehen aldiz Onintza Mokoroak piztu du, tradizioak berrikuntza beti behar duela erakutsiz; Piraten txupinazoa Donostiako gaztetxeek bota dute aurten, hirian autogestioaren bueltan antolatutako lau eragilek. 2003tik ari dira Piratak Donostia abordatzen, eta abordatzea bera festen zati garrantzitsu bilakatu da honezkero. Zezenketak ere egin dira aurten, hauen aurkako protesta jendetsua izan bada ere. Festa bete protesta ere izan da Aste Nagusia, Euskal Errepublikaren aldeko manifestazioarekin abiatu zen, zezenketen aurkakoa egin zuten gero, eta turistifikazioa salatu dute gaur. Eraso sexisten aurkako erantzunak ere ozenak izan dira, festa ere libre bizitzeko aldarriarekin batera.
Su festak dira, beharbada, Aste Nagusiko ekitaldirik ikusgarriena, eta ozenena, ziurrenik. Jende ugari gerturatzen da, izozkia janez batzuk, badia ingurura zerua argitzen duten suak ikustera. Ez dira, ordea, guztien gustukoak, ohikoa den bezala. Askotarikoa da festa, festara doazenak askotarikoak diren bezala. Askotarikoak dira, halaber, festa aurrera ateratzeko egin beharreko lanak. Festa gutxitan izaten da festa hutsa, aurrelana eta ezkutuan geratzen den lana funtsezkoa da. Aste Nagusiaren alderdi desberdinen erakusgarri elkarrizketatu ditugu sei lagun, festa nola bizi duten ezagutzeko.
Festa ikusgarria
Izaskun Astondoa Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketako Epaimahai Ofizialeko kidea da, eta bere lana da gaueroko su festen ikuskizunak balioestea. 27 urte daramatza pirotekniaren munduan lanean, eta su festak epaitzerako orduan bere ikuspuntua desberdina dela esan digu: «Nahiz eta kritikoa izan,egon daitezkeen akatsak ulertzen ditut. Ikuskizunaren atzean dagoen prestakuntza kontuan hartzen dut».
Aste Nagusian zehar su festak izan ohi dira bere plan nagusia, baina gainerako guneak ere bisitatzen ditu. Dioenez, astearen eskaintza «zabala eta merezigarria da». Aste Nagusiak irauten duen artean errutina bat jarraitzen du, goizaren erdialdera piroteknikoa agurtzera joaten da, prestaketekin nola doazen ikustera. Arratsaldeak aprobetxatzen ditu beste guneetatik ibiltzeko. Gauean, aldiz, epaile lanak egitea egokitzen zaio. Aste Nagusian ezer hobetuko lukeen galdetuta programazio taldea egitaraua urtero hobetzen ahalegintzen dela nabarmendu du Astondoak, «profesionalez osatutako taldea baita».
Festa lana denean
Aste Nagusian badira ikusgarriak diren ikuskizunak eta elementuak, su festak, kontzertuak eta abordatzeak, kasurako. Baina badira ostenduta geratzen direnak ere, normalean ikuskizun ikusgarri horiek egin ahal izateko lanari lotutakoak. Hiria batetik bestera zeharkatzen duten autobusetako gidariak izan daitezke horren adibide. Urko Rodriguez Dbuseko autobus gidariarekin hitz egin dugu. Aste Nagusian zehar lanean ari da, goizez edo arratsaldez, aste horretan egokitzen zaion txandaren arabera. Azaldu duenez, ordu txikietan ibiltzen diren Gautxoriak, aldiz, gidari zehatz batzuen eginkizuna dira gaur egun. Lanean ez dabilenean musika edo bertsoekin lotura duten jardueretan ibiltzen da normalean, edo Donostiatik aldentzen da, «lasaitasun pittin baten bila».
Aste Nagusiak hainbat zailtasun gehitzen dizkio Rodriguezen lanari, batez ere Bulebarrera sartzeko ordu tarte mugatu bat izaten dutelako eta gidari-aldaketen lekua ere azken unean alda daitekeelako, «orduan kaos unetxo batzuk izaten dira, nora joan ez dakigula».
Aste Nagusian auzoetan egiten denari eta herri egitasmoei tarte askoz handiagoa egitea gustatuko litzaiokeela adierazi du Rodriguezek. «Ez dakit donostiarrentzat hobea izango litzatekeen edo ez, baina nik su festak eta zezenketak kenduko nituzke errotik», gehitu du.
Egitaraua askotarikoa baldin bada ere, Aste Nagusia, bereziki, jaia izaten da. Egunez hasitako festa gauez luzatzen da askotan. Erniope tabernako ostalaria da Andoitz Urdapilleta eta Aste Nagusian zehar han aritzen da lanean, egunez eta gauez. Larunbatetik larunbatera, bazkariak eta afariak ematen dituzte, eta, gainera, gauetan goizeko seiak eta erdi arte edukitzen dute zabalik taberna, gau giroan. Aste Nagusirako aurrelana egin behar izaten dute: langile gehiago kontratatu, eskari handiagoak egin. Lan handia izaten da, baina «ondo prestatuz gero arazorik gabe» moldatzen dira. Barra ostetik denetarik ikusten dela esan du Urdapilletak, «desfase asko egoten da gauean, baina baita jende jatorra eta formala ere».
Azken igandean hartzen dute jai eta Irrikitaldian izaten du festaz gozatzeko tartea. Bestela, ekitaldirik gogokoenak bertso-saioak ditu Urdapilletak. Aste Nagusian udalak antolatutako egitarauan gauza gutxi dagoen arren Donostiako Piratek festa osatzen dute bere iritziz, eta auzoetara zabaltzen, euskal giroan, «eskertzen da auzolanean horrelako jai batzuk aurrera ateratzea».
Haurrak ere festaren parte
Donostiako Piratetako kidea eta Pirata Bihurrien kofradiako kide ohia da Naiara Begar. 0-12 adin-tarteko haurrek hartzen dute parte Pirata Bihurrien kofradian, eta antolatzen dituzten jarduera gehienak goizetan eta arratsaldetan egiten dituzte. Umeek ere Aste Nagusi Piratan eguneroko egitarau bat izan zezaten sortu zuten Bihurrien kofradia, erraldoi eta buruhandiez eta barrakez gain auzolanean eta autogestioan oinarritutako jarduerak eskaintzeko asmoz. Begarrek nabarmendu duenez, «asko eskertzen dute umeek eta gurasoek gurea bezalako jai eredu batean eta gure balioetan murgiltzeko aukera izatea».
Bihurrien kofradiaren bitartez, umeak, gazteak eta helduak bezala, egitarauaren parte izan daitezen ahalegintzen dira: «helburua da beraiek paper aktiboa izatea, ez izatea hartzaile hutsak. Horretarako, saiatzen gara umeei ardura txikiak ematen, beraien iritzia kontuan hartzen, haientzat eta haiengandik ateratako egitarau bat sortzeko. Nahi duguna da espazio bat sortu umeek aukera izan dezaten txikitatik pirata izateko, eta Donostiako Piraten izaera txikitatik sentitzeko».
Begarrek adierazi duenez, Abordatze Txikia da gustukoen duen jarduera: «Umeek txikitatik Donostia abordatzeko aukera izan behar dutela uste dut, eta oso egun polita da». Egun bereko Umeen Herri Bazkaria ere asko gustatzen zaiola gaineratu du, «kanpotik begiratuta irudia zoragarria da: 200 edo 250 umek bakarrik bazkaltzen dute mahai luzeen inguruan, denak kamiseta berarekin, begiraleen laguntzaz, eta gurasoak kanpoan egoten dira. Zoragarria da».
Auzoetako Aste Nagusia
Aste Nagusia Parte Zaharretik harago ere ospatzen da, auzoetan, Amara Berrin, besteak beste. Amara Berriko auzo elkarteko kidea da Iñaki Olasagasti, eta auzoko festen antolakuntzan aritzen da. Aste Nagusian zehar Amara Berrin egiten dituzten jarduerak udalak antolatzen ditu, baina auzo elkartearen ekimenez. Olasagastiren ustez, gaur egun Aste Nagusiko jarduera gehienak hiriaren erdialdean pilatzen dira, baina azken garaian, egoera pixka bat aldatu da. Erdialdean egiten dituzten jarduerak asko gustatzen zaizkiola azaldu du, baina esan du oso positiboa dela auzoan bertan gauzak antolatzea, «auzotarrok asko eskertzen dugu hemen bertan jai giroa izatea, eta Erdialderaino joan behar ez izatea».
Hala ere, Aste Nagusiarekin «oso ñoñostiarra» dela aitortu du Olasagastik. Festetako egunak, normalean, modu antzekoan igarotzen ditu: «Auzoan jardueraren bat baldin badago, hemen gelditzen naiz, baina, bestela, eta eguraldi ona egiten badu, hondartzara joaten naiz. Ondoren, etxera joaten naiz bazkaltzera eta atseden hartzen dut. Arratsaldean Erdialdera eta Parte Zaharrera joaten gara, paseotxo bat egin eta giroa ikusteko». Giroa aproposa baldin bada, eguna amaitzeko ogitarteko bat afaldu, eta su festak ikustera joaten da. «Hori bai, su festak izozkirik gabe ikusten ditut, nahiago izaten dut izozkiak etxean jan».
Aste Nagusian Amara Berrin egin dituzten jardueretatik erraldoien eta buruhandien kalejira, arkume-menestra lehiaketa eta Festara! ekimena nabarmendu ditu Olasagastik. Oro har, auzokoen parte hartzearekin pozik agertu da: «Egiten ari garen gauzetan jendearen harrera oso ona izaten ari da».
Festa eta ardura
Eskifaia Gazte kofradiako kidea eta Zirgari lantaldeko kidea da Sara Fermin. Aste Nagusia bakoitzak bere gustuen arabera antolatzen duela uste du: «Nire kasuan, jaiak bizitzeko modua da festa eta lana uztartzea. Aste Nagusi Pirataren funtsean autogestioa dagoenez, argi daukagu denon lanarekin aterako ditugula aurrera jaiak». Egin beharrekoak betebehar gisa beharrean ardura gisa bizi dituela nabarmendu du, «gure arteko antolakuntza eta zaintzak dena errazten du, eta horrek egiten du eginbeharrak gustura egitea».
Egunero egitaraua begiratu eta gehien gustuko dituen jarduerak apuntatzen ditu Ferminek. Pirata gisa dituen ardurak ere errepasatzen ditu, eta erasoen aurakako taldearen Whatsapp taldea begiratzen du. Erasoren bat salatu baldin badute, lan taldea bildu eta mobilizazioa prestatzeko lanak banatzen dituzte: baimena eskatu, pankarta egin, komunikatua idatzi, eta abar.
Donostiako Piratetan profil oso desberdinetako jendea dagoela nabarmendu du Ferminek: «Kofradiak bakoitzaren afinitate taldea direnez, normalena bakoitzaren kofradiako jarduerak gustatzea izango litzateke, hala ere, besteek antolatzen dituztenez ere asko gozatzen dugu» baieztatu du. Kuadrillen arteko jolasen eguna da Ferminen gustukoena. Horrez gain, Aste Nagusi Pirataren lehen eta azken eguna dira bere gustukoenak: «Nire ustez, pirata guztien faboritoen artean dago Irrikitaldia, oso egun berezia delako. Donostiako Piraten izaera oso ondo islatzen duen jarduera da».
Aste Nagusian ezer aldatuko lukeen galdetuta, eraso sexisten aurkako lanketa sakonagoa egin beharko litzatekeela azpimarratu du Ferminek: «Udalak lanketa sakonagoa egin beharko luke. Positiboak diren hainbat neurri hartu ditu, Bulebarrean jarritako karpa, esaterako, baina argi dago egiten duenarekin ez dela nahikoa». Iaz udalak mugimendu feministarekiko izandako jarrera ere ekarri du gogora: «Erailketa matxista bat salatzeko egindako elkarretaratze baten harira, hainbat kideri isuna jarri zieten, eta gero, Aste Nagusiko erasoak salatzeko mugimendu feministak deitutako mobilizazioetan, lehen lerroan jarri ziren agintariak, protagonismo bila».
Udalak bezala piraten mugimenduak ere lanketa feministaren beharra duela gaineratu du: «Asko aurreratu dugu baina oraindik asko dugu egiteke. Zirgari lantaldea sortu izanak eta Puntu Morea egoteak arazoa konpondu duela dirudi, baina ez da horrela. Beste urte batez errepikatu behar dugu eraso sexisten aurka borrokatzea denon ardura dela».
Protokoloaren eta gune seguruaren moduko neurri zuzenak jartzeaz gain «jai ereduaren inguruko hausnarketa egitea ezinbestekoa» dela gaineratu du Ferminek, «erasoak saihesteko sekulako kanpaina egin arren Kursaalean jartzen duten disko-festan abesti sexistak eta eredu maskulino toxiko bat sustatzen bada, jai daukagu. Elementu horiek ez dira kontuan hartzen, eta emakumeenganako indarkeriaren erroan daudenak dira».