Nola bizi dute jaia udaleko zinegotziek?
Udalbatza osatzen duten bost alderdietako zinegotziekin elkartu gara, udaletxe barruan Aste Nagusia nola bizi duten ezagutzeko. Batzuentzat, zinegotzi gisa bizi dituzten lehenengo jaiak dira hauek.

1- Zinegotzi gisa, nola bizi duzu Aste Nagusia? Baduzu jaiaz gozatzeko astirik?
2- Udalak eta Donostiako Piratek egitarau zabalak prestatu ohi dituzte urtero. Zein da jaietatik gehien atsegin duzun ekitaldia?
“Kirolaren mundutik natorrenez, kirolarekin zerikusia duten ekitaldiak bisitatzea gustatzen zait”
1- Nahiko aste bizia izaten ari da, eta jaia alde honetatik bizitzeak bere alde ona dauka, hau guztia barrutik nola antolatzen den ikusi dezakezulako. Beste era batera bizi duzu, baina oso pozik nago horrela ere.
Egia da lan asko egitea tokatzen zaigula. Goizero, hainbat bilera izan ohi ditugu, eta gelditu gabe ibiltzen gara. Horregatik, arratsaldeak aprobetxatzen ditut ekitaldietara joateko.
2- Kirol mundutik natorrenez, kirolarekin zerikusia duten ekitaldiak bisitatzea gustatzen zait: waterpoloa, hipodromoko zaldi lasterketak, pilota txapelketak… Aukera zabala dugu hirian, eta ahal dudan guztia ikusten saiatzen naiz.
“Zezenketetara joaten saiatzen naiz aukera dudan aldiro. Festatik gehien atsegin dudan ekitaldia dira”
1- Niretzat behintzat gauzak ez dira gehiegi aldatu. Kanoikada behealdetik ikustetik, kanoiaren ondotik ikustera pasa naiz, baina orokorrean jaia berdin bizitzen dut. Tarteka, udaleko ekitaldiren batean parte hartu behar dugu, baina horrek ez dit eragozten urteroko moduan lagunekin egon eta festak ospatzea.
2- Zezenketak, zalantzarik gabe. San Inazioetan beti joan ohi naiz Azpeitira, eta Madrilen ere zezenketetara joaten saiatzen naiz aukera dudan aldiro. Hortaz, Donostian ezin dut huts egin; joan egin behar naiz.
Atzo Illunben izan nintzen, eta gaur ere horra igotzen asmoa daukat. Azken finean, zezenketan festaren ekitaldi handiena dira; edo gehien atsegin dudana, behintzat.
Haizea Garai, Elkarrekin Podemos
“Goizez udaletxean egon ohi naiz lan egiten, eta arratsaldea jaian murgiltzeko aprobetxatzen dut”
1- Egia esan, Aste Nagusia urteroko modura bizi dut aurten ere, familiarekin eta lagunekin gozatzen. Goizez udaletxean egon ohi naiz lan egiten, eta arratsaldea jaian murgiltzeko aprobetxatzen dut. Gaualdera, berriz, etxera joaten naiz, suak nire alabekin batera ikusteko.
2- Urtero joaten gara Piraten gunea bisitatzera, giro polit eta oso alaia izaten dutelako. Alabek asko gozatzen dute hor. Egiten dituzten ekitaldien artean, Abordatzearena dugu gustukoen. Nire bikotekideak beti hartzen du parte hor, eta ederki pasatzen dugu uretan nola dabiltzan begira.
“Festaz gozatzeko modua ez dut gehiegi aldatu zinegotzi izateagatik. Adinak eragin gehiago izan du horretan”
1- Ez nuke esango desberdintasun handirik bizi izan dudanik zinegotzi izan edo ez izanaren artean. Akaso, lehenengo eguneko Kanoikadan parte-hartze zuzena izan nuela da aldaketa nagusia.
Horrez gain, jaien testuinguruan zein festetatik kanpo hirian gertatu diren eraso sexistei erantzun instituzionala ematea ere dagokigu. Lehen, herri mugimenduko kide gisa egiten genuen, eta orain udaletxe barrutik egitea tokatzen zaigu.
Bestela, festaz gozatzeko modua ez dut gehiegi aldatu zinegotzi izateagatik. Adinak eragin gehiago izan du zentzu horretan!
2- Zalantza neukan tortilla lehiaketa edo Abordatzea aukeratzearen artean, baina bigarrenarekin geldituko naiz. Hamazazpigarren urtea izan da aurten eta, eta gu sorreratik aritu ginen hor. Izugarria da zertan bihurtu den ikustea, eta esango nuke ez dela soilik nire gustukoa. Aste Nagusia definitzen duen ekintza parte-hartzaile eta interesgarriena bilakatu da.
“Garbiketa, mantentze lanak eta gune publikoak nire ardura direnez, eginkizun dezente dauzkat jaietan”
1- Aste Nagusian zehar lana eta aisia tartekatzea tokatzen zait. Garbiketa, mantentze lanak eta gune publikoak nire ardura direnez, eginkizun dezente dauzkat jaietan, eta eguneroko lana aurrera atera behar da. Astean zehar lan itzela egiten da dena kontrolpean mantendu eta kaleak garbi egoteko. Hori esanda, herritar gehienek jaietan arduraz jokatzen dutela azpimarratu nahi dut, hori gauza ona delako.
Nire denbora librea, berriz, lagunekin eta Donostiar orok egiten dituen gauzak eginez pasa ohi dut: ibilaldiak hirian zehar, afariak… Festak lasaitasunez gozatzen ditugu.
2- Donostiako Aste Nagusiak aukera zabala eskaintzen du jai ekitaldiei dagokienez. Gainera, Musika Hamabostaldia hor dugu ere, kontzertu paregabeekin.
Ekitaldi bat hautatzekotan, ordea, suak hartuko nituzke, jaietako ikur nagusienetako bat direlako. Ni txikitatik etorri izan naiz Ibarratik guraso eta aitona-amonekin batera suak ikustera, eta oraindik ere asko atsegin ditut. Hurrengo egunean, etxekoen artean beti komentatzen dugu zeintzuk izan diren gehien gustatu zaizkigunak.